Fiskaltzak Ernairen aurkako ikerketa abiatu du, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua egotzita

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 16:30
Ertzaintzaren aurkako Ernairen pintaketak Amurrioko Batzokian. / EAJ

Arabako Fiskaltzak ikertuko du Ernai gazte erakundea gorroto delituaren egile izan ote den, azken asteetan Ertzaintzaren aurka zabaldutako kartelak, pankartak eta mezuak direla eta.

Arabako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzak Ernai gazte erakunde independentistaren aurkako ikerketa abiatu du, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua egotzita.

Ikerketaren oinarria Ertzaintzak berak Fiskaltzari igorritako atestatu bat da. Gazte erakundeak Ertzaintzaren aurka abiatutako kanpainari buruzko materiala jasotzen du txostenak: besteak beste, kartelak, pintaketak, pankartak eta sare sozialetan zabaldutako mezuak aipatzen ditu; eta "txakurrak", "psikopatak", "denok gorrotatzen dugu polizia" edo "ACAB" (All Cops Are Bastards) bezalako mezuak agertzen dira.

Ertzaintzaren ustez, Ernairen kanpaina gorroto delitua izan daiteke. Orain, Josu Izagirre Arabako fiskalburuak baloratu beharko du Ernaik ustezko deliturik egin ote duen ala ez; horretarako ikerketa izapideak abiatu ditu dagoeneko. Ondoren, Ministerio Publikoak deliturik dagoela uste badu, auzitegiek erabaki beharko dute hori frogatuta dagoen ala ez.

Atestatuak irekita jarraitzen du, eta, beraz, Ernaik zabaldutako kartel edo ustezko "eraso" berri bakoitza espedienteari erantsiko dio Ertzaintzak, froga gisa. Hain zuzen ere, Ertzaintzak Araban aurkeztu du salaketa, Ernairen kanpaina lurralde honetan hasi zela iritzita. 

"Gorroto mezu esplizituak eta argiak"

Hala ere, Fiskaltzaren eta epaileen erabakiaren zain egon gabe, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak lehen balorazio publikoa egin du asteazken honetan, Ernaik Ertzaintzarekiko zabaldu dituen "gorroto mezuak esplizituak eta argiak" direla esanez. Erkorekaren ustez, "gorroto hitza erabili dute sare sozialetan egindako mezuetan, Poliziarekiko gorrotoaren alde agertu dira eta horren inguruan erakarri nahi izan dute gizartea".

"Ezin dena da sareetan gorroto mezu esplizituak sartu eta gorroto delituaren mugan ibili, bete-betean sartu gabe. Argibideak nahi ditugu; izan ere, azalpenak ematen direnean, mundu guztiak daki nola jokatu, eta gorroto mezuekin dabilenak ere jakin dezake zeintzuk diren gainditu ezin diren mugak", gaineratu du sailburuak.

Zer da gorroto delitu bat?

Zigor Kodearen 510. artikuluak urtebetetik lau urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu gorroto delituentzat, sei hilabetetik hamabi hilabete arteko isun zigorrarekin batera. Baina, zer da gorroto delitu bat? "Talde baten, haren zati baten edo pertsona jakin baten aurkako gorrotoa, etsaitasuna, diskriminazioa edo indarkeria publikoki sustatu edo bultzatzea da, bertako kide izateagatik".

Kasu honetan, gakoa da gorroto delitua kolektibo zaurgarrienak babesteko tresna dela, eta horregatik Zigor Kodeak hainbat kasu zehatz hartzen ditu kontuan: "Arrazoi arrazistak, antisemitak edo ideologiari, erlijioari edo sinesmenei buruzko beste arrazoi batzuk, familia egoera, kideak etnia, arraza edo nazio batekoak izatea, jatorri nazionala, sexua, sexu orientazio edo identitatea, generoa, gaixotasuna edo desgaitasuna".

Beraz, Ertzaintzaren aurkako mezuak gorroto delitua izan daitezke? Horixe da Fiskaltzak edota auzitegiek erabaki beharko dutena. Oraingoz, ez dirudi Zigor Kodeak Poliziaren aurkako mezuak haintzat hartzen dituenik gorroto delitu gisa.

Kritikak

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eramango du gorroto delitua Fiskaltzara, eta hainbat kritika jaso ditu jada. "Zertarako? Pandemiaren kudeaketa negargarria ezkutatzeko. Ertzaintza deskontrolatua duzue. Gazteok kalean jarraituko dugu", adierazi du Ernaik, lehen balorazio batean.

Bestalde, LAB sindikatuak "euskal gazteria kriminalizatzeko Jaurlaritzak daraman politikaren" barruan kokatu du Ernairen aurkako "jazarpena". Eta EH Bilduk, bere aldetik, "muga guztiak gainditzen dituen zentzugabekeriatzat" jo du Ertzaintzaren salaketa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide