Astebete igaro da Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, eta dagoeneko 200 hildako baino gehiago, 1.200 zauritu baino gehiago eta etxerik gabe geratu diren milaka lagun utzi ditu. Palestina ondo ezagutzen du Koldo Alzolak, Boikota, Desinbertsioak eta Zigorra mugimenduko kideak, eta bere eskutik ezagutu dugu egoera zein den Alea FM saioan.
Palestinaz hitz egitea okupazioaz hitz egitea da, eta ohiko bilakatu diren setio hauetaz, bonbardaketez.
Egoera oso kezkagarria da. Aldiro aldiro izaten dugu horrelako sarraskien berri, eta sumindu egiten gaituzte horrelako oldarraldiek.Askotan kointziditzen dute Israelgo gorabehera politikoekin, hauteskundeak direnean, edo kasu honetan Netanyahuren inguruan ustelkeria kasuen zipriztinak daudenean... Etengabeko egoera baten adierazpen odoltsuenak dira.
Benjamin Netanyahu ustelkeriatik babestu eta boterean mantentzeko aukera izan daiteke hau? Kontrola izaten jarraitzeko setioa?
Faktore bat izan daiteke, baina uste dut testuinguru zabalago batean aztertu behar dela. Maiatzaren 15ean palestinarrek Nakbaren 73. urteurrena oroitu zuten, alegia Israelgo estatua alde bakarrez sortu eta Palestinaren hondamendia abiatu zenekoa. Zazpi hamarkada hauetan palestinarren aurkako garbiketa etnikoa etengabekoa izan da. David Ben-Gurion Israelek izan zuen Lehen Ministroak esan zuen moduan "zaharrak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute". Egitasmo hau abiatu zutenean uste zuten urte batzuetako kontua izango zela, baina zazpi hamarkada geroago palestinarrak ez dira desagertu, are gehiago, eutsi egiten diote haien jaioterrietara bueltatzeko eskubideari eta gogoari. Azken egunetan proiektu horren adierazpenik odoltsuena ikusten ari gara, baina tresnak asko dira. Eta horren adierazpen handi bat da Jerusalem; bortizkeriaren azken gorakada honen abiapuntua hori izan da, Israelgo administrazioak babestu izan ditu eskuin muturreko taldeak, eraso arrazistak egin dituztenak, eta palestinarrentzat eta mundu osoko musulmanentzako esanahi erlijiosoa daukaten zenbait leku jomuga, besteak beste Al Aqsa meskita; horrek eragin du sumina zabaltzea Palestina historiko osoan, eta matxinatzea Gazatik 48ko eremuetara, egungo Israelera.
Probokazioan erori al da Hamas? Jakinda herria txikitzeko gaitasuna duela Israelek...
Hori uste dut ez dela niri dagokidan analisia. Hamasek erantzun egin die Jerusalemgo palestinarren aurkako erasoei eta euren leku sakratuen irainari, eta erantzun du dauzkan baliabide eskasekin. Horregatik ezin da justifikatu zenbaitetan esaten diguten "Israelen erantzuna"... Palestinarrek eskubidea daukate autodefentsarako, nazioarteko legediak hori onartzen dio herri okupatu bati.
"Lotsagarria da hemengo enpresa bat 'apartheid-aren tranbian' lanean burubelarri izatea"
Aste honetan keinu txiki bat egin du Joe Bidenek, su etena aipatuta. Badirudi, ordea, AEBetako agintean ez dela alderik afera honetan.
Itxurak aldatzen dira, baina ekintzak ez dira aldatzen Etxe Zurian.Trumpek aurrerapauso bat eman zuen Jerusalem onartuz Israelgo hiriburutzat, eta ekialdean okupatutako koloniei zilegitasun bermea emanez, baina administrazio berriak ez du atzera egin erabaki horietan. Adierazpenetik harago erakusten da benetan gauzak aldatzeko borondatea. Eta Europak AEBak atzetik jarraitzen ditu; nik dakidala oraindik ez da ezer esan Europako erakundeetan gertatzen ari denaren inguruan. Baina, are gehiago, Europak baditu merkataritza akordioak eta lehentasunezko akordioak Israelekin, eta bere horretan diraute. Hori tresna eraginkor bat litzateke Israelen gainean presioa egiteko.
Setio hau amaituko da, baina normaltasuna bueltatuko da Gazara?
Hau ez da pairatzen duten lehena eta ez da azkena izango. Azken sarraski odoltsua 2014an izan zen; erakunde humanitarioek aurreikusten zuten Gazak 30 urte behar zituela gutxieneko bizi baldintza batzuk berreskuratzeko, ez dira pasa zazpi urte eta ari dira berriro ere… Tamaina honetako eraso batek ez ditu bakarrik hildakoak eragiten, oinarrizko azpiegitura guztiak birrindu egiten ditu eta bizimodu normalizatu baterako oinarrizkoak diren gutxieneko baliabideak txikitu egiten ditu, oso zaila da normaltasunez bizitzea… Ikuspegi humanitariotik oso larria da. Zenbait analistak esaten zuten 2020 urterako bideraezina izango zela bizitza Gazan, eta hala ere palestinarrek iraun egiten dute. Epe laburrean behintzat ez dugu argi izpirik ikusten, ez bada nazioarteko gobernuen inplikazio borondaterik. Eta hori ezean, balizko konponbide bakarra gizarte zibilaren presiotik eta konpromisotik etorriko da.
Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra (BDZ) izeneko elkartasun-kanpainarekin egin duzu bat.
Israelek tresna asko baliatzen ditu palestinarrak euren lur historikotik desagerrarazteko. Eta baliabide horietako bat dira azpiegiturak; ezinbestekoak dira ilegalki okupatutako eremuei iraunkortasun bermea emateko, eta garrantzi nabarmena dute Jerusalem inguruan. 2004an egin nuen lehen bidaia Palestinara, eta orduan entzun nuen lehen aldiz Jerusalem 2020 izeneko proiektua. Asmoa zeukaten hango palestinarrak desagertarazteko 2020. urterako, eta horretarako hamaika baliabide erabilita; porlanezko harresiaren bitartez, esaterako, banatzen dituzte auzune palestinarrak hirigunetik. Garraio azpiegiturak ere badira tresna bat, besteak beste, tranbia; eta gaur egun Euskal Herriko enpresa bat ari da Israelgo apartheid tranbia hori eraikitzen, Gipuzkoako CAF. Azpiegitura horren helburua da Jerusalem ekialdean dauden kolonia ilegalak hirigunearekin lotzea horiei zilegitasuna emateko. Kokaleku horiek ilegalak dira, eta, are gehiago, nazioarteko legediak debekatu egiten du horiek hornitzeko azpiegitura iraunkorrak eraikitzea, eta horixe da, hain zuzen ere CAF eraikitzen ari den trenbidea. Lotsagarria da hemengo enpresa bat izatea proiektu horretan burubelarri lanean ari dena. Azkenaldian, bestetik, kanpaina gogor batekin ari dira elkartasuna kriminalizatu eta zigortzeko. Eta horren adibide gertukoa dugu Juani Rismawi ekintzailearena, Hala Bedi irratiko kolaboratzailea dena; apirilaren 13an bahitu egin zuen Israelek eta epaiketa zain dago atxilotuta. Abisu bat da hau elkartasun mugimenduarentzat; erakusten ari da eraginkorra dela.