Bittor Rodriguez

"Jaten dugunaren hiru laurdenek jatorri begetala izan beharko lukete"

Juanma Gallego 2021ko mai. 22a, 08:00

Bittor Rodriguez nutrizionista. MIRIAN BITERI

Umeen elikadura hobetzeko lanean ari da Bittor Rodriguez nutrizionista, baina elikagaien industriarako ikertzen ibilitakoa da ere: ongi ezagutzen du atzean dagoena. Nutrizioaren inguruan sortzen diren mitoiei aurre egiteaz ahituta, kontsumitzaileen izaera kritikoa sustatzean jarri du orain helburua.

Nutrizioaren alorrera txiripaz iritsi zela dio Bittor Rodriguezek (Bergara, 1974), baina, halere, ez da damutzen egindako hautuaz: unibertsitatean matrikulatzeko aukeren zerrendari begirada bat bota eta nutrizioa ikasi erabaki zuenekoa. Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktore, EHUko Farmazia campuseko klaseak ikerkuntzarekin eta dibulgazioarekin tartekatzen ditu.

Astronomia zalea zarela esan didazu elkarrizketa hasi aurretik. Seguruenera, ikusita izango duzu The Martian filma. Astronauta gixajoak urtebete ematen du patatak jaten. Hori posible al da?

Orokorrean, zientziaren ikuspuntutik filma nahiko txukuna da, baina nutrizioaren ikuspuntutik, argudio hori pintzekin hartzeko modukoa da. Patatek dituzten karbono hidratoez gain, protagonistak beste osagai batzuk beharko lituzke bizirik irauteko: proteinak, bitaminak... bestela ahulduko litzateke. Gainera, Marteko grabitatea txikiagoa izanda, giharra askoz errazago galduko luke. Eta, tira, ortua dugunok badakigu patatak lortzeko bi edo hiru hilabete behar direla.

Suposatzen dut etorkizunean espazioan ere ondo elikatzea lortuko dugula... ala ez?

Noski, baina hori lortzea erronka handia izango da. Espazioan badira hainbat berezitasun, grabitate ezak hezurrei eta giharrei eragiten die, eta, horregatik, astronautek ariketa fisikoa egin behar dute. Bestetik, eramaten duten elikadura ere oso ondo prestatu behar da: adibidez, espazio ontzietan ahalik eta pisu gutxien eraman beharra dago, eta gehiena liofilizatuta doa. Frutarik jateko modurik ez dutenez, astronautek zenbait bitamina eta beste hainbat osagarri pilulen bitartez hartu behar dituzte.

Mito andana dabil elikaduraren bueltan. Zergatik?

Nik bi arrazoi ikusten ditut. Batetik, erraza da elikadurarekin zuzenean esperimentuak egitea; edozeinen esku dago. Dieta bat jarraitzen duzu eta pisua galtzen duzu. Bestetik, gure lanbidean jende asko ari da, eta askotan mugak ez daude oso definituta. Adibidez, Espainia da ospitaleetan dietistak sistematikoki ez dituen Europako estatu bakarra. Jendea informatzen da internetez, sare sozialetan edo auzokideak uzten dion liburu baten bitartez, dietista batengana joan beharrean. Eta hor arazo itzela dugu. Gainera, horretan ari diren askok ez dute unibertsitate formakuntzarik. Hezkuntza arautuaz gain, bada, nolabait esatearren, sasihezkuntza bat. Jendeari aholkatu behar zaio kolegiatutako profesionaletara jotzea. Baina ez da bakarrik jendearen ardura, hor administrazioak ere badu ardura. Tratamendu bat behar duzunean, medikura bideratzen zaituzte, eta berdina egin beharko lukete nutrizioaren alorrean.

Zeintzuk dira mitorik zabalduenak?

Asko dira. Duela urte batzuk hasi nintzen neurtzen zenbat denbora ematen nuen mito horiei aurre egiten, eta konturatu nintzen ahalegin izugarria zela. Urtero ateratzen dira. Horregatik, erabaki nuen horretan denbora ez galtzea; gainera ikerketa egiteko duzun denbora galtzen duzu. Ezezkoetan ibili beharrean, jendeari irakatsi behar diogu informazioa iturri fidagarrietatik eskuratzen. Dieta askok benetan argaltzen laguntzen dute, baina, modu berean, gorputzari kalte egin ahal diote.

Hortaz, jendeak ulertu behar du fake nutrizioa ere badagoela...

Bai. Jendeak ikasi behar du desberdintzen mitoa dena eta ez dena, eta informazio iturri fidagarrietara jo. Bestela, horrenbeste hedabide eta sare sozial egonda, oso zaila da bereiztea. Nik beti diot gauzak egiteko modu egokiak eta desegokiak daudela. Demagun noala autobidetik 150 kilometro orduko abiaduran. Arinago iritsiko naiz helmugara, noski, baina arrisku handia hartuta.

Autoen alderaketarekin jarraituz, zure gomendioa da motorra konpondu behar denean, autoa tailerrera eramatea, eta ez gure kabuz eskua sartzea.

Hori da. Profesional batera joan beharrean, elikadurarekin esperimentatzearen tentazioa oso handia da. Beste batzuei funtzionatu zaiena gurean probatuz. Baina arazoak sor daitezke. Halere, badira norberak jarrai ditzakeen irizpide orokor batzuk. Horiei jarraitu dakieke, baina aldaketa sakon bat planteatzen denean —pisua galtzeko, adibidez—, laguntza behar da.

"Bertoko produktuekin elikadura osasungarria eta arduratsua eraman daiteke".

Zeintzuk lirateke irizpide orokor horiek?

Batetik, jaten dugunaren hiru laurdenak landare jatorriko produktuak izan behar direla. Erdia inguru, frutak eta barazkiak; laurden bat, zerealak; eta beste laurdena, animalia jatorriko proteina garbia, ez koipetsua. Eta planteamendu hori erosketak egiten ditugunean kontuan hartu behar da, bestela oso erraza da behar ez dugun zerbait erostea. Animalia jatorriko elikagaiak murriztu behar ditugu, arraina izan ezik; oro har, arrain zertxobait gehiago jan beharko genuke. Okela ia egunero jaten dugu, baina astean hirutan jan beharko genuke, eta beharrezko kopuruetan: 125 gramo inguru, pertsona normal baten kasuan, haren eskuaren tamaina berdina duen xerra bat, gutxi gorabehera. Bestetik, oso garrantzitsua da elikaduraren planifikazio bat egitea, asteko menu bat eginez, eta horren arabera erosketak egitea.

Hortaz, elikadura gehiena, begetaletan. Baina sasoikoak izatea eta bertokoak izatea ere gomendatzen duzue. Horrenbeste aipatzen den elikadura burujabetza mantenduta, errealista al da hori?

Honetan, gauzak ez dira ez zuriak ez beltzak. Posible da bertoko produktuekin elikadura osasungarri bat eramatea. Eta jasangarritasunaren zein kultura gastronomikoaren ikuspuntutik ahalik eta gehiena horrela kontsumitzea da egokiena. Modu horretan ere bertoko produktoreei laguntzen diegu. Soilik hemengora mugatu behar dugu? Ez ba, erosketak zentzuz egiten baditugu, ez da arazorik izango kanpoko laranja batzuk edo marrubi batzuk erosteagatik; noizbehinka salbuespenen bat egitea, alegia. Arazoa da egunero kanpoko produktuak erosten ditugula, batez ere merkeagoak direlako. Hala izanik ere, elikagaien heren bat botatzen dugu zaborrera. Hortaz, hobe senaz planifikatzea.

Aitor Gonzalez nutrizionistari behin irakurri nion elikagai prozesatuen arazoa ez dagoela gehigarrietan, produktu horiek nutrizionalki eskasagoak izatean baizik. Ados zaude?

Ados nago nutrizionalki askoz eskasagoak direla. Baina horiei gehigarri asko jarri behar zaizkie, denbora gehiago irauteko, edo osagaiak kalitate txarrekoak direla estaltzeko. Gainera, askotan gantz edo azukre asko daukate. Baina ezin da ahaztu ere jasangarritasunarekin dagoen lotura: ontziratuta daude, eta arazo handia dugu plastikoekin. Supermerkatura joaten garenean, erosketen bolumenaren zati garrantzitsu bat plastikoa da, eta hori ere ordaintzen ari gara. Horien ondorengo kudeaketa ere, zeharka, guztiok ordaintzen ari gara. Baina pizza bat etxean egin beharrean, askoz errazagoa da bi euroren truke ontziratutako pizza bat erostea. Zentzu horretan, sukaldeetan zegoen kultura gastronomiko guztia galtzen ari gara ere.

Etxebarri Ibiñako supermerkatu bateko megafonian behin entzun nuen gehigarri eztabaidagarriak kentzen ari zirela. Ba al dago halakorik merkatuan?

Halako gauzak beti gertatzen dira. Merkatuan dauden gehigarriek segurtasun berme bat daukate, eta kontrol nahiko zorrotza daukate. Baina egia da ere zientziak aurrera egin ahala teknikak hobetzen direla, eta agian gehigarri bat atera zenean ikusi ez zena ikusten dela orain. Adibidez, hestebeteetan botatzen den gehigarri bat. Gaur egun badakigu horrek minbizi arriskua handitu lezakeela. Kontuz, arriskua handitzeak esan nahi du arriskua handitzea, ez minbizia eragiten duela. Gehigarri horrek botulismoa ekiditen du: oso gaitz hilgarria da, ordu gutxitan akabatu zaitzakeena. Bada, botulismoaren arriskua ekiditeko, kalkuluak zorrotz eginda, segurtasun mugetatik gomendatzen dena baino pittin bat gehiago botatzen zaie hestebeteei. Baina segurtasun muga horiek oso handiak dira oraindik. Hortaz, gehigarriak dituzten elikagaiak ahalik eta gutxien kontsumitzea, hobe; ez gehigarriengatik, nutrizionalki eskasagoak direlako baizik. Are, horiek jaten dituzun bitartean ez zara elikagai freskoak jaten ari.

"Alkohola droga bat da, toxiko bat. Hortaz, ez dago horren kontsumo maila segururik".

Elikagai transgenikoen gaineko ikerketa geldituta dago gurean. Zer iritzi duzu horien inguruan?

Hor kontsumitzaileok izaera kritikoa izan behar dugu. Transgenikoen arazoa da errentagarritasunaren izenean erabili ohi direla, eta horretan ari diren enpresa handiek nekazarien kontra jotzen dutela. Osasun segurtasunaren aldetik, ordea, ez dut zalantza askorik, ez dute aparteko arazorik. Arazoa da, esan bezala, aitzinako Monsanto bezalako enpresak elikadura patentatzen ari direla, hor dauden interesak ia-ia pornografikoak direla esango nuke.

Eta, pornografia horren aurrean, arlo publikotik zergatik ez da erotismoaren industria sustatzen? Neikerren, adibidez...

Tarteko ekoizpen batera jo beharko genuke, teknologia erabilita, baina ez errentagarritasuna ororen gainetik jarrita. Adibidez, ni Neikerren ibili nintzen, onddo baten aurrean zaurgarria zen patata baten inguruan. Horren gaineko babes naturala duen beste espezie baten genomaren zatia txertatu nahi genion. Horrek suposatzen du pestizida gutxiago erabiltzea. Baina Monsantoren hautua kontrakoa izan da. Artoak berak pestizida bat sortzen du.

Ardoa antioxidatzaileez beterik dagoela entzun dut. Hala al da?

Antioxidatzaileak elikagai askotatik hartu ahal dituzu: eta, gainera, ardoak dituenak ez dira suziriak botatzeko modukoak. Alkohola droga bat da; toxiko bat. Ez dago alkoholaren kontsumo maila segururik. Hemen ere, funtsezkoa da izaera kritikoa mantentzea, baina presio soziala izugarri handia da. Poteoan, esaiozu ba botea daramanari ura edo infusio bat nahi duzula...

Osagarriak ere modan daude, eta, aizu, kazetaritza izugarri neketsua da. Hartu beharko al nituzke?

Profesional baten eskutik hartu beharko lirateke. Tratamenduaren kulturan bizi gara, eta ez prebentzioarenean. Ezin da esan "nik ez dut fruta askorik jaten, beraz, pilulak erosiko ditut". Dieta normal batekin, ez da osagarrien beharrik. Ni orain umeen elikaduraren arloa ikertzen ari naiz, baina duela urte batzuk Central Lechera Asturianak kaleratutako produktu bati lotutako ikerketan lan egin nuen. Esneari gantz azido bat botata, animalietan ikusi zen gantz horrek gutxiago loditzen laguntzen zuela, baina lotura hori ez genuen ikusi gizakietan. Ikerketa hori uztea erabaki nuen, eta ez naiz damutzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago