Koronabirusa

Egoiliarrek egunero irteteko eta astean hiru bisita jasotzeko aukera dute jada

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 09:00

Jose Antonio de la Rica, Sergio Murillo, Gotzone Sagardui, Maite Peña eta Emilio Sola. / AFA

Maiatzaren 17an, hiru aldundiek foru agindu berria ezarriko dute egoitzetan. Hortaz, astelehenetik aurrera, Arabako egoiliarrak egunero irten ahal izango dira, eta astean hiru bisita jaso ahal izango dituzte; bisitaldi bakoitzean, bi senide.

EAEko hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeetako egoitzetan eguneroko harremanak bermatzea adostu dute, zentro soziosanitarioetan Covid-19aren kontrolerako protokoloa eguneratzeko. Foru agindu berriak astelehen honetan sartuko dira indarrean.

Aldundiak nabarmendu duenez, adostutako neurriak egoera berrira egokitu dira, egoiliarren, zentroetako langileen eta 60 urtetik gorako biztanleen txertaketan izandako aurrerapenaren ondorioz, eta alarma egoeraren amaieraren ostean. Beraz, bisitak eta irteerak zabaltzea "funtsezko elementutzat" jo dute egoiliarren osasun fisiko eta emozionalerako.

Hala ere, gogorarazi dute txertaketak ez duela erabat ezabatzen kutsatzeko arriskua, eta ezinbestekoa dela segurtasun zein prebentzio neurriei eustea.

Irteerak

Honako hauek dira, beraz, astelehenetik aurrera irteerei dagokienez ezarriko diren irizpideak:

  • Erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, nahi izanez gero, eta irteerak lehenetsiko dira bisiten gainetik.
  • Segurtasun neurriak zorroztu beharko dira uneoro: eskuak garbitzeaz gain, maskara erabili beharko da, eta zentroak erabakiko du zer ordutegi bete behar den sarrera eta irteeren kontrola ezartzeko.
  • Ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dira, irteeretan espazio itxi eta jendetsuak saihestuz.
  • Irteerak ez dira etengo, egoitza kokatuta dagoen udalerriko intzidentzia komunitarioa altua izanda ere. Bakarrik etengo lirateke egoitzan Covid-19aren agerraldi bat izanez gero, edo antzeko egoeraren bat emango balitz.

Bisitak

Bisitei dagokienez, honako hauek dira Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek adostutako irizpideak:

  • Egoiliarrek astean gutxienez hiru bisita egin ahal izango dituzte, senitartekoak edo hurbilekoak zentroan bertan hartu nahi badituzte.
  • Segurtasun neurriak zorroztu beharko dira topaketa horietan: maskara erabili beharko dute, eskuak garbitzeaz gain.
  • Bisitak horretarako berariaz egokitutako guneetan egingo dira, bizikidetza-burbuilei eusteko.
  • Bisitetara bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Kasu horretan ere, zentroak erabakiko ditu ordutegiak, eta gehienez ordubeteko iraupena izango dute.

Egoiliarra bizitzaren amaierako prozesuan dagoen kasuetan edo haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten dutenean, baldintza horiek salbuetsi ahal izango dira. Kasu horietan, maiztasun eta iraupen handiagoak baimendu ahal izango dira, baita logelan bisitak egitea ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago