Alarma egoera amaitu eta Arabako datuak azken hilabeteetako onenak diren aste berean, albiste txar bat iritsi da Gasteizko San Prudentzio egoitzatik: azken egunetan, zentro horretako emakume egoiliar bat hil da Covid-19aren ondorioz, Eldiario.es hedabideak aurreratu eta Udaleko iturriek baieztatu dutenez.
EAEko egoitzetan txertoaren bi dosiak jaso ondoren koronabirusaren ondorioz hil den lehen pertsona da. Egoitzako hainbat langile gaixotu ziren, baina emakumeak ez zuen sintomarik izan. Hala ere, ohiko proba bat egiteko ospitalera eraman zuten, eta orduan positibo eman zuen PCR proban; proba serologikoan ere ez zioten antigorputzik detektatu.
Egun batzuk beranduago, bere osasun egoerak okerrera egin zuen Covid-19aren ondorioz, eta berriro ospitaleratu behar izan zuten. Azkenik, joan den astean hil egin zen Txagorritxu ospitalean.