"Ametsen faktoria". Oholtza nagusian irakur daiteke mezua. Laudioko industriaguneko Errotari kalean dagoen Aiaraldea Ekintzen Faktoria amets bat baino ez zen duela hiru urte, zirriborro bat, eta errealitatea da dagoeneko; larunbatean, maiatzaren 15ean, irekiko ditu ateak parez pare. "Ametsetako bat bete da, baina batez ere amets asko betetzeko tresna oparoa dugu orain esku artean, eta ilusio handia egiten digu", azaldu du Faktoriako kide Gartzen Garaiok ALEA FM saioan. Aurretik, hamaika urte eta beste hainbeste pauso eman dituzte komunitateko kideek egungo gizarte ekimeneko kooperatiba sortzeko helburuarekin. "Txukun jantzi ostean, jaten eman behar zaio; orain hasiko da benetako lana".
Hain justu, hamaika urte bete ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak, Faktoria izango denaren haziak. 2015ean gogoeta estrategikoa egin zuten, euskarak eskualdean hurrengo urteetara begira izango zituen beharren inguruan, eta hantxe erabaki zuten jauzi handiago bat egitea. "Ordura arte komunikazioaren esparrua landu genuen, ekarpen interesgarria egin genion euskararen biziberritzeari, baina ez zen nahikoa; gure komunikabideen bidez erderaz bizi zen errealitate baten berri ematen genuen euskaraz, eta beharrezkoa zen euskaraz egituratuko ziren errealitateak eraikitzea", azaldu du Garaiok. Eta orduan heldu zen iraultza txikia: komunikazioaren arlotik, proiektu integral baten zirriborroa egitera pasa ziren. Komunikazioaz harago, hezkuntza eta aisialdia, feminismoa, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea eta beste hainbat lanabes jorratzen hasi ziren, "komunitate oso batek behar dituen lanabesak, eta, beraz, hiztun komunitate batek bizitzeko behar dituen lanabesak". Faktoria da horien guztien aterpe, faktoria feminista, Kokoriko hezkuntza faktoria eta ekonomatorako, besteak beste.
Herri bat, barruan
Proiektu integral horren isla da, hain zuzen, Faktoria, poliki-poliki zerbitzuetara bihurtzen ari den industriagune batean kokatutakoa. Kooperatibako bazkide den Behark arkitektura estudioaren eskutik, egoitza erakargarri eta modernoa paratu dute 750 metro koadro dituen pabiloian. "Inportantea zen guretzat estetikoki erakargarria egitea. Ematen du euskararen gauzak beti izan behar direla zatarrak, txikiak edo bazterrekoak... eta apustu handi bat egin dugu espazioa erakargarri egiteko, euskara etorkizuneko tresna bat dela adierazi nahian".
Atetik sartuta, "herri" oso bat topatuko du bisitariak barruan, kale, berdegune, plaza eta eraikinak tartean. Egurrezko hiru etxola daude sarreran, Kokoriko Hezkuntza Faktoriaren jolasgunea izango dena. Baina familiei bideratuko diren jarduerak ez dira jolasgune horretara mugatuko, Faktoriak dituen beste erabilera anitzeko espazioak ere uztartuko baitituzte bere jardueretan; arratsaldero eskolaz kanpoko ekintzak antolatu nahi dituzte.
"Euskaraz egituratuko ziren errealitateak behar genituen"
Ekonomatoa ere bi solairu artean banatzen da, tokiko produktu ekologikoen eta ekoizleen sustapenerako tresna, orain arte Laudioko beste espazio batean izan dena. Hango produktuekin kozinatuko dute kantinan, bazkideek txoko moduan ere erabili ahal izango duten espazioan.
Erdigunean oholtza ageri da, eskualdeko kultur sorkuntza eta euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko prestatu duten taula. Plaza irekiaren funtzioa eman diezaiokete erdiguneko espazioari, edo barrura begirako areto txikiagoa izan daiteke. "Areto txiki hori, gainera, pentsatuta dago ikus-entzunezko grabazioak egiteko estudio moduan, euskarazko komunikabidean ikus-entzunezkoen garapena eta sorkuntza handitu nahi delako, noizbait Aiaraldea Telebista sortzeko urratsa bezala", aipatu du Gartzenek.
Bulego sorta bat ere bada goiko aldean, kooperatibako langile guztien espazioa. Ekonomatoko langileek, hezkuntza eta aisialdiko langileek edota komunikazio zerbitzuetakoek dute han txokoa; hamabost lagun ditu gaur egun soldatapean, eta 430 familia dira bazkide.
Auzolanean eraikia
2018an erosi zuten pabilioia, eta ostean arkitektura proiektua osatu. Hondeamakinak sartu, lurra zulatu eta berogailu sistema geotermikoa ezarri zuten. Eraikitze fase guztian auzolanean egindako lana izan dela gogoratu du Garaiok, dozenaka boluntario izan dira bernizatu, margotu, alikatatu, iturgintzan aritu edo garbiketa lanak egitera. "Erronka handia izan da. Baina oso harro gaude hasiera-hasieratik gure bazkide komunitatearekin eraiki dugulako. Ez dugu instituzioen diru-laguntzarik jaso nahi izan, ulertzen genuelako Faktoria zela gure proiektuak egituratzeko ezinbesteko tresna, eta horregatik geure geurea izatea nahi genuen". Diru inbertsio handi bat egin dute bazkideek, borondatezko ekarpenen bidez, eta mailegu bat ere eskatu dute. "Honek ahaldundu egin gaitu. Helburua zen jakitea edozer gauza egiteko gai garela, eta urratsetako bat hau izan da".
Lan horren guztiaren emaitza maiatzaren 15etik aurrera ezagutu ahal izango da. Ateak zabalik izango dira. Baina, adi. Sarrerako txartel batean ondo zehaztu dute nora sartuko den bisitaria: "Arnasgune bat da euskararentzat, emakumeentzat*, haurrentzat, migratzaileentzat, baztertuentzat, gazteentzat, aniztasun funtzionala dutenentzat, sexu identitate disidenteentzat. Errespetatu, zaindu eta elikatu espazio seguru hau".
Erdararen zapatak kanpoan
Faktoriak euskararen arnagusne bat izan nahi du, eta horretan "erronka handi bat" dutela aitortu du Gartzen Garaiok. Faktoriatik kanpora eskualdea nagusiki erdaraz bizi da, eta erronka dute kaleko errealitate soziolinguistikoa barruan ez errepikatzeko, hizkuntza ohiturak aldatuta sartzeko bertara. "Faktoriara sartzeko esaten dugu jendeak kaleko erdararen zapatak kendu behar dituela, eta eskura dituen hizkuntza baliabide eta gaitasun guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu behar duela". Hori paperean idatzita kontu erraza den arren, ordea, zaila izango dela uste du Garaiok, batez ere hizkuntzaren jakintzarik ez dutenekin. "Asko euskaltzaleak dira, baina ez euskaldunak, gure bazkideak eurak ere bai, eta hor erronka handi bat dugu lagun horientzat". Faktoria euskara ikasteko tresna erraldoi bat izan dadin nahi dutela azaldu du, eta dakiten apurra praktikatu eta ikasten jarraitzeko. Euskaraz ikasteko aukerarik izan ez duten adinekoak euskalduntzen lagunduko ditu Faktoriak, oinarrizko elkarrizketak, hiztegiak, eta behar afektiboak euskaraz garatzeko baliabideak eskainiko dizkiena. Era berean, pertsona migratzaileak euskararen unibertsora batzeko lanabesa izan nahi du, bai eta euskalduntzen ari diren lagun guzti horien aterpe eta babesleku ere.
"Faktoriara sartzen denak eskura dituen hizkuntza baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu behar du"
Faktorian euskararen inguruan egingo den lana eta orain arteko bidea ezagutzeko helburuarekin, hain zuzen, hitzaldia eskainiko du Gartzen Garaiok Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Eragiteko janzten jardunaldien barruan; maiatzaren 25ean izango da, 18:30ean.
Ruperrekin hasiera
Egutegi zabalarekin, goiz eta arratsaldez, zazpi egunez irekita izango da Faktoria larunbatetik aurrera. Apirileko azken asteburuan bazkideek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten; dozenaka lagunek egin zuten bisitaldi gidatua espazioaren nondik norakoak ezagutzeko, han bazkaldu eta Anariren kontzertuaz gozatzearekin batera. Irekiera ofiziala, ordea, larunbat honetan emango diote. Bisitaldi gidatuekin batera, Ruper Ordorikak eskainiko du kontzertua oraingoan; bi saio izango dira, 12:30ean eta 18:00etan.
Eta, hortik aurrera, udara bitartean, egitarau betea prestatu dute hurrengo asteetarako. Besteak beste, Kai Nakai –maiatzak 16–, Chill Mafia –maiatzak 23–, Esti eta Mikel Markez –maiatzak 29–, eta Eñaut Elorrieta –ekainak 12– igaroko dira oholtza nagusitik, haurrentzako sukaldaritza ekologiko tailerra edo zentzumenen ibilbidea antolatu dituzte, eta basogintza ereduari buruzko eta errefuxiatuekiko elkartasunaz hausnartzeko hitzaldia ere izango dira. Hasi dira iraultza txikiak.