Bea Sever

"Funtsezkoa da transexualitatearekiko dugun begirada aldatzea"

Mirian Biteri 2021ko mai. 13a, 08:00

Naizen elkarteko kide Bea Sever. HIRUKA

Adingabe Transexualen Familien elkarteko kide Bea Severren arabera, transexualitatearen gaiaren inguruan oraindik ere ezjakintasuna da nagusi; estereotipoekin apurtzeko ordua dela azpimarratu du.

Transexualitatearen inguruko errealitatea gertutik ezagutarazteko, bi hitzaldi antolatu dira asteon Araban: Ostegunean, hilak 13, Arraia-Maeztun; eta ostiralean, Legution. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearen lana ezagutu eta inguruko familia batek bere bizipenak azalduko ditu bertan.

Zer da sexu identitatea?

Pertsona bat bizitza osoan joaten da sexu identitatea garatzen, baina garrantzitsuena da identitate hori garatzen dela bakoitzak bere buruarengan duen auto-pertzepzioaren gainean. Identifikazio hori oso txikitatik ezartzen da, eta horren inguruan denborarekin joango da sortzen identitatea; hortaz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu onartzea haurtzarotik haur batek adierazten duela auto-pertzepzioa.

Eta zer da transexualitatea?

Pertsona gehienen artean auto-pertzepzioak ez duenez gatazkarik sortzen besteek duten pertzepzioarekin, identitatea garatu daiteke arazo barik. Baina, haur transexualekin gertatzen dena da gizarteak ezartzen duela identitatearen oinarria kanpoko genitalen arabera, eta orduan nork bere buruarekiko duen pertzepzioak ez duela bat egiten kanpoan ezarritakoarekin. Transexualitatea deitzen diogu pertsonaren sexua ez datorrenean bat jaiotzerakoan eta genitalei begira esleitutako sexuarekin.

Noiz hasten dira umeak horren jabe izaten?

"Oso garrantzitsua da ez itxarotea eta orain dela urte batzuk itxarotearen inguruan zegoen mito hori deuseztatzea".

Ikusten ari garenaren arabera, bi eta lau urte artean ezartzen da auto-pertzepzio hori, eta baita adierazten ere. Baina transexualitate kasu gehienetan gertatzen dena da inguruak ematen dizkion mezuak kontrakoak direnez, horretara egokitu egiten direla, eta denborarekin ezinegona agertzen dela eta arazoak sortzen direla. Beste batzuetan, dena dela, nortasun indartsuagoa baldin badute, aldarrikatu egingo dute. Familiei gertatzen zaiguna da, hasiera batean, mundu guztiak esaten digula txikiegia dela jakiteko, baina hori ez da egia. Argi dagoena da hiru, lau edo bost urterekin, transitoa egiten hasten direnean edo beste modu batean esanda, hasten direnean bizitzen benetan diren bezala, askoz ere arazo gutxiago dituztela eta zoriontsuago bizi direla. Oso garrantzitsua da ez itxarotea eta orain dela urte batzuk itxarotearen inguruan zegoen mito hori deuseztatzea. Ez da itxaron behar.

Familiek zelan igarri dezakezue?

Haur batzuek txikitatik oso argi dute neska ala mutila diren eta horrela adierazten dute. Beste batzuetan, ume horiek hala gerora kontatuta, gurasoek esaten zieten neska ala mutila zirela eta horretara egokitzen saiatzen ziren. Horregatik da horren garrantzitsua txikiak direnean kasu egitea, oraindik ez dutelako gatazka sumatu eta ez dutelako barneratu adierazten ari direna espero denaren kontra doala, eta orduan naturaltasunez esaten dute. Egin behar duguna da aktiboki entzun eta esaten dutenari kasu egin. Hainbat seinale daude igartzeko baina garrantzitsuena da haurrari kasu egitea. Guri berdin zaigu neska ala mutila den, nahi duguna da ondo egotea, eta haurra ondo egoteko beharrizan batzuk izango ditu; transexualitate kasu bat bada, bere behar sakonena izango da guk ikustea berak bere burua ikusten duen bezala.

Familiek nola jotzen dute Naizen elkartera?

"Familiek askotan galduta jotzen dute elkartera, eta guk esaten dieguna da bere erritmoa jarraitzea, aurreratu eta geldiarazi barik, kasu eginez bere beharrizanei".

Gerta daiteke familiak elkartera etortzea argi eta garbi jakinda eta onartuta haurra transexuala dela; baina, beste askotan, zalantzarekin etortzen dira eta uste dute, eta nik ere pentsatu izan dut, mutil femenino bat edo neska maskulino bat dugula. Baina, kasu horietan ikusten dugu zerbait falta dela, haurrak begirada aldaketa hori behar duela. Askotan galduta jotzen dute elkartera, eta guk esaten dieguna da bere erritmoa jarraitzea, aurreratu eta geldiarazi barik, kasu eginez bere beharrizanei. Gatazka berehala sumatzen dute, badakitelako arauaren kontra doazela eta horren arabera, nahi izango dute edo ez pausuak eman. Bakoitzak bere beharrak eta erritmoak ditu eta familiei tokatzen zaiguna da atzetik joatea, horiei erantzuna emanez.

Zer nolako trabak topatzen dituzte umeek?

Txikiak direnean ez dute ulertzen zergatik tratatzen dituzten neska bezala mutila izanda eta alderantziz, eta askotan gizartean dauden estereotipoak aztertzen dituzte ikusi ahal izateko zer egiten ari diren txarto jende horrek txarto izendatzeko. Bestetik, trabarik handiena familia bera izaten da. Oztopo asko jartzen dizkiegu eta batzuetan nortasun handia dute eta guztiaren gainetik aldarrikatzen dute, baina besteetan, nerabezarora arte isildu egingo dira, eta hor gorputzaren aldaketarekin, gatazkak egingo du eztanda. Beraien helburu bakarra da jendeak diren bezala ikustea.

Arlo zehatzetara joanda, hezkuntzan, eskolan, badaude gaur egun esku-hartze protokoloak?

Bai. Gurasoek eskatuta, eskolak protokoloa zabaldu behar du eta horrek dakartzan neurriak bermatu haurra bere sexuaren arabera tratatua izan dadin, hala nola, izen aldaketarik balego izen berria leku guztietan jartzea eta erabiltzea edo sentsibilizazio ekintzak egitea. Garrantzitsuena da begirada aldatzea, eta lehen neska ikusten genuen tokian mutila ikustea eta alderantziz.

Izena aldatzea aipatu duzu. Lege aldetik zelan dago?

Euskal Autonomia Erkidegoan, badago Eusko Jaurlaritzaren dekretu bat, administrazio autonomiko mailan, izena eta sexu aipamena aldatu ahal izateko, hala nola, Osakidetzan, hezkuntza zerrendetan edo kiroldegian. Horrelakoetan erraz alda daiteke, arazo gabe, txostena bakarrik eskatuta. Baina, erregistroarena, Espainiako estatu maila denez, legea beste modukoa da. Giza eskubideen aurkakoa da, derrigorrezko hormonazioa ezartzen duelako, 18 urtetik gorakoa izatea eta Osasun Mundu Erakundeak buruko gaitzetatik kendu duen diagnostiko bat aurkeztea eskatzen du. Hau da, buruko gaitza duzula, nahiz eta hori dagoeneko ez existitu. Dena den, Auzitegi Konstituzionalak, orain dela hiru urte, 14 urte gazte baten alde ebatzi zuen esanez Konstituzioaren kontrakoa zela adin txikikoak kanpoan uztea eta aurkezten badira transexualitate egoera iraunkorra egiaztatzen duten paperak lortu daitekeela aldaketa.

Osasun alorrean, genero identitatearen unitatea ere badago, ezta?

"Oraindik ere, derrigorrezkoa da psikiatriatik pasatzea endokrinoarengana heltzeko".

Bai, Gurutzetako ospitalean. Baina, oraindik ere, derrigorrezkoa da psikiatriatik pasatzea endokrinoarengana heltzeko. Tratamenduak hartu nahi izanez gero, pubertaroa hasten denean hartzen dira eta ez da existitzen transexualitateari begira zehazki sortutako tratamendurik; erabiltzen direnak beste populazio taldeekin erabiltzen direnak dira, hala nola, pubertaroaren blokeoa edo hormonazio gurutzatua. Eta horretara iristeko psikiatriatik pasa behar dute. Gure aldarrikapena da hori horrela ez izatea eta Kataluniako Transit izeneko zerbitzura begiratzea.

Prozesu guzti honetan laguntzeko Naizen elkartea dago. Zeintzuk dira elkartearen eginkizunak?

Alde batetik, familien arteko elkartasun bezala sortu zen eta oraindik ere horretan paper garrantzitsua betetzen du; horrelako egoera baten aurrean, oso onuragarria da zalantzak eta beldurrak zure bidea egin duen beste norbaitekin partekatzea. Bestetik, gure familia eta haurren errealitatea ikustaraztea dago; hain justu ere, zakila duten neskak eta bulba duten mutilak existitzen direla. Horretarako, hitzaldiak antolatzen ditugu. Formazioa ere eskaintzen dugu, haurrekin eta nerabeekin lan egiten duen osasun, hezkuntza, gizarte edo aisialdi arloko profesionalei; ezjakintasun handia dago oraindik ere gai honen inguruan. Azkenik, gure haurren eskubideak aldarrikatzen ditugu, protokolo eta legeen bidez. Gaur egungo egoera lortu dugu instituzioekin eta alderdi politikoekin negoziatuz.

Hitzaldiak aipatuta, asteon Araban izango zarete...

"Familien bizipenak ikustaraztea oso garrantzitsua da begiradak aldatu ahal izateko".

Hala da. Maiatzaren 13an, osteguna, Arraia-Maeztun; eta 14an, ostirala, Legution. Elkartearen nondik norakoak ezagutarazteaz gain, inguruko familia baten testigantza ere eskaintzen dugu horietan. Horien bizipenak ikustaraztea oso garrantzitsua da begiradak aldatu ahal izateko.

Zeintzuk dira esku artean dituzuen erronkak?

Batetik, gure legeetan sakontzen jarraitzen dugu, hobetzeko. Bestetik, nerabeekin arazo larria dugu; haurtzaroan transitoa egin duten askok motxila handia daramate gainean eta psikologikoki ez daude ondo. Horiekin lan egin behar dugu, eta horretarako funtsezkoa da gizarteak gaiarekiko duen ikuspegia aldatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago