Aurtengo erronka: e-GAra aurkeztea

Juanma Gallego 2021ko mai. 13a, 09:00
Aurreko edizioetan presentziala izandako HIGA egokitu behar izan dute aurten. HIGA

HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa modu berezi batean egokitu behar izan dute aurten. Ohiko formatua beharrean, gazteen arteko proiektu lehiaketa eta topaketa birtuala prestatu dituzte. 

Mundu zabaleko hizkuntza askok biziraupena ziurtatuta ez dutela gogorarazi dute HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketetako antolatzaileek. Horregatik, politika instituzionalez gain, uste dute funtsezkoa dela ere "gizarte zibiletik sortutako aktibismoa sustatzea". Norabide horretan, gazteetan jarri dute arreta berezia, eta haien arteko elkartasuna eta lankidetza funtsezkotzat jo dute antolatzaileek. Horiek sustatzeko, aurtengo egoera bereziari egokitu dute orain arte landutako HIGA egitasmoa.

Topaketa presentziala alde batera utzi eta e-GA izenekoa abiatu dute. Proposamenak bi oinarri ditu: batetik, hizkuntza lankidetzari edo beste hizkuntza komunitate bati buruzko proiektu bat sortzeko erronka; bestetik, ekainaren 11n streaming bidez mundu osoan jarraitu ahal izango den topaketa bat.

Proiektuen kasuan, ez kezkatu goiko adin langaz: 35 urte arteko gazteek parte har dezakete e-GAn. Ahal dela, bi hizkuntza komunitate desberdinekoak diren gazteen arteko elkarlana lehenetsi nahi dute.

Formatuari dagokionez, atea zabalik utzi nahi izan dute: kasurako, hizkuntza biografia bat izan daiteke, abesti bat, artelan bat, elkarrizketa bat edota ikus-entzunezko bat. Inon aurkeztu gabeko proposamena izateaz gain, betebehar bakarra da hizkuntza gutxitu batean landuta egotea, eta baita lehiaketaren hizkuntza ofizial batean ere: euskaraz, ingelesez edo gaztelaniaz. Maiatzaren 23ra arte zabalik dago lanak aurkezteko epea.

Topaketaren kasuan, ekainaren 11n jarri dute hitzordua. Mundu osoan jarraitu ahal izango da, eta, hainbat kokapenetan izango duten ordu tartea kontuan hartu dute. Kike Amonarrizek hitzaldia emango du, proiektuen sariak banatuko dituzte, eta, hori gutxi balitz, mundu osoko gazteek Ibil Bedi taldearen kontzertua jarraitu ahal izango dute. Ekitaldiaren hizkuntza euskara izanik ere, ingelesez eta gaztelaniaz aldi bereko itzulpenak egongo direla aurreratu dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide