EH Bilduk ere alegazioak aurkeztu ditu Labraza, Iturrieta eta Arkamuko parke eolikoen aurka

Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 18:30
EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedo, alegazioak entregatu aurretik. / EH BILDU ARABA

EH Bilduko batzarkide taldeak ere bat egin du Labraza, Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoen aurkako alegazioen uholdearekin. "Eusko Jaurlaritzak atzera egin behar du", aldarrikatu du Kike Fernandez de Pinedok.

Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Aixeindar sozietateak Arabako mendietan kokatu nahi dituen proiektu eolikoek gaitzespen zabala eragin dute. Joan den astean, Arabako Mendiak Askek 18.500 alegazio entregatu zituen. Horrez gain, lurraldeko 30 kontzeju inguru, hainbat udal, oposizioko alderdi politikoak, talde ekologistak eta gizarte eragile ugari proiektuen aurka agertu dira azken asteetan.

Astearte honetan, EH Bilduren batzarkide taldearen txanda izan da. Izan ere, indar politiko subiranistak Labraza, Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoen aurkako hiru alegazio-txosten entregatu ditu Espainiako Gobernuak Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan.

Bertan, batzarkide taldeko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok gogorarazi du "duela hilabete baino gehiago EH Bilduk eskua luzatu ziela foru gobernuari eta Ramiro Gonzalezi alegazioak batera aurkezteko", eta deitoratu du ez dutela erantzunik izan. Gainera, "kudeaketa txarra eta planifikazio falta" leporatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.

 

Natura 2000 Sarea

EH Bilduk bereziki "larritzat" jo ditu Iturrieta eta Arkamuko kasuak, bi kokaleku horiek Natura 2000 Sarearen barruko Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) direlako. Fernandez de Pinedok gogorarazi duenez, kokaleku hori desegokitzat jo zuen 2002an onartutako Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plan zaharkituak; izan ere, Eusko Jaurlaritzak proposatutakoen artean ingurumenean eragin handiena zuena zen, 100etik 73ko eskalan.

"Argi utzi nahi dugu: Eusko Jaurlaritzak atzera egin behar du zentral horiek Labrazan, Iturrietan eta Arkamun eraikitzeko ahaleginean. Sistema berriztagarrien hedapena ordenatua eta arduratsua izan behar da", adierazi du Fernandez de Pinedok.


Alegazio-txostenak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide