Koronabirusa

Abuztuaz geroztik intzidentzia tasarik baxuena lortu du Gasteizek

Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 13:00

Une honetan, Gasteiz eremu horian dago 237ko intzidentzia tasarekin. / GOOGLE EARTH

Alarma egoerarik gabeko lehenengo asteko asteartean, Gasteizko intzidentzia tasa abuztutik lortutako baxuena izan da. Dagoeneko 237koa da hiriburuan, eta 246koa Araban.

Joan den astean eremu gorritik atera zen Araba, eta igandean alarma egoera amaitu zen Espainiako estatu osoan. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak estreinatu diren aste honetan ere, Arabako intzidentzia tasa metatuak beheranzko joera mantendu du: une honetan, 246koa da, eta azken 24 orduetan 32 positibo berri baino ez dira atzeman gure lurraldean.

Baina daturik onenak dagoeneko eremu horian dagoen hiriburuan jasotzen ari dira. Gasteizen ere datuen bilakaera ona mantendu da, eta, gainera, 2020ko abuztutik izandako intzidentzia tasarik baxuena erregistratu da azken orduetan: une honetan, 237koa da, eta azken 24 orduetan soilik 24 positibo berri atzeman dira, azken egunetako joera mantenduz.

Daturik txarrenak, ordea, Aiaraldetik datoz: Laudio (512) eremu gorrian mantentzen da oraindik, eta Amurrio (396) eremu laranjan.

Intzidentzia tasa metatua

Gasteizko intzidentzia tasa metatua. / Iturria: OSASUN SAILA

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, astelehen honetan 9.817 test diagnostiko egin ziren; horietatik 461 positiboak izan ziren (%4,7).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,80koa da Araban eta 0,85ekoa EAEn; gainera, beheranzko joera egonkortu da azken asteetan. Beraz, birusa atzera egiteko fasean dago Araban eta EAE osoan, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

EAEko ospitaleei dagokionez, egoera hobetu da azken egunetan, eta presio asistentziala jaisten ari da. Hala ere, Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntza guztiak etenda mantentzea erabaki du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 70 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 359 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 158 paziente ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 517 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan Covid-19aren ondorioz.
  • Apirilaren 26tik maiatzaren 2ra bitartean, 40 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.233 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago