Koronabirusa

Igandetik aurrera, 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango dute ostatuek

Erredakzioa 2021ko mai. 7a, 18:13

Alarma egoera, Poliziaren kontrol bat Gasteiz erdigunean. / Alea

Larunbatetik iganderako gauerdian amaituko da alarma egoera; maiatzaren 9tik aurrera joan-etorriak ez dira mugatuko eta ez da etxeratze agindurik izango.

Alarma egoera amaitzeko atzera kontua hasi da (larunbateko 23:59an), eta igandetik aurrera oinarrizko eskubideak mugatzeko berme juridikorik ez du izango Jaurlaritzak. Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiak oinarri, arratsaldeko bileran zehaztu ditu Labi batzordeak neurriak. Hala, ostalaritzaren, kulturaren eta merkataritza ordutegiak mugatuta jarraituko du, ordutegia luzatuta; 22:00ak arte izan daitezke irekita

Horrekin batera, honako neurriak iragarri ditu:

  • Bilerak: Bertan behera geratzen da pertsonak elkartzeko muga, ostalaritzan eta kirolean izan ezik. Hala ere, lau pertsona baino gehiagoko bilkurak saihestea gomendatzen da.
  • Ostalaritza: Barneko edukiera %50. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez lau pertsona. Nahitaezkoa maskara.
  • Txokoak: Elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita daude.
  • Gaueko aisia: Gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak itxita jarraitzen dute. 
  • Joko lokalak: Itxiera 22:00etan. %50eko edukiera. 
  • Musika eta ahots jarduera: Osasun publikoaren zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloa beharko dute. 
  • Kultu lekuak. %35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez, eta leku itxietan, 6 gehienez.
  • Kirol instalazioak: %50eko edukiera. Aldagelak, %35. Ikuslerik ez kirol ekitaldietan. 
  • Kirola: Aire zabalean eta barnealdean, gehienez 6. Eskola kirola entrenamenduan eta aldagelarik gabe. Maskara nahitaez.

Lehendakariak agerraldian adierazi duenez, datozen hiru asteak "erabakigarriak" izango dira bi helburu lortzeko: intzidentzia-tasa ahalik eta gehien murriztea eta txertaketa ahalik eta gehien handitzea. Ildo horretan, Urkullu lehendakariak eskatu du "herritarrek erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" izan dezatela "guztion ongiaren alde, hala nola, osasunaren eta bizitzaren alde". Horrela, euskal herritarrek gaueko mugikortasuna mugatzea eta taldeak lau pertsonara mantentzea eskatu du.

Gida praktikoa larrialdi egoera ondoren

Mugak

EAEko Auzitegiak eguerdian iragarri moduan, maitzaren 9tik aurrera, Jaurlaritzak ezingo ditu itxiera perimetralak agindu erkidegoarentzat edo udalerrientzat. Etxeratze agindurik ere ezingo du zehaztu, eta bilkurentzako jende kopurua ere ezingo da arautu. Urkulluk esan du ez duela auzitegiaren ebazpenaren kontra joko, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegite bat jartzeko aukera duen.

"Gure egungo ordenamendu juridikoak ez du aukerarik ematen autonomia-erkidegoek, alarma-egoeratik kanpo, oinarrizko eskubideak murrizten dituzten neurri orokorrak erabaki ahal izateko", adierazi du auzitegiak ebazpenean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago