2030. urtean Araban jaten dugunaren %25 tokikoa izatea eta 2040an %75era iristea posible dela uste du EH Bilduk. Gainera, Europako Batasunak berak datozen urteetarako helburu gisa hurbileko elikagaiak sustatzea ezarri du. Horregatik, mozio bat aurkeztu dute Batzar Nagusietan, Aldundiak Arabako Elikadura Kontseilua martxan jar dezan.
Erakundeen, sindikatuen, elkarteen eta kooperatiben partaidetza izango lukeen organismo horrek nekazaritzako elikagaien estrategia zehaztu eta koordinatuko luke Nekazaritza Sailaren barruan, ekoizpen zein kontsumo eredu egokienak sustatzeko.
"Anbizio handiagoa behar da", aldarrikatu dute Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek EH Bilduren egitasmoaren aurkezpenean. Elikadura politikaren sistemari buruz hausnartzea eskatu dute, eta "funtsezkotzat" jo dute elikadura subiranotasunerantz aurrera egitea, trantsizio agroekologikoak erraztea eta jantoki publikoetan tokiko elikagai osasuntsuak eta sasoikoak sustatzea.
Eskalmendi zentroa
Kontseiluaren sorrerarekin batera, mozioak Eskalmendi zentroa berrikuntza, ikerketa eta I+G+b gune gisa indartzeko premia jasotzen du, trantsizio agroekologikoak babestu eta hobetzeko. Lopez de Arroyabek aldarrikatu du gune horrek prestakuntza eskaini beharko liekeela nekazariei, "ustiategien bideragarritasuna bermatzeko eta errazteko, elikagaien kalitatea eta prezio duina sustatuz".
Tokiko ekoizpena eta kontsumoa
Sektorea "krisi estruktural batean" dagoela uste du EH Bilduk, eta, beraz, Nekazaritza Politika Bateratu berriak alternatibak eskaintzeko balio izatea espero du, "bai sektorean sartu nahi duten pertsonentzat, bai jaki osasuntsuak, tokikoak eta kalitatezkoak modu kontzientean kontsumitu nahi dituztenentzat".
Era berean, Tuestako makroberotegia bezalako proiektuak kritikatu ditu EH Bilduk, eta "proiektu inkoherenteak bultzatzea" leporatu dio Aldundiari. Hain zuzen ere, hori da EH Bilduren proposamenaren helburua: "Benetako alternatibak eskaintzea, elikagaiak ekoizten dituztenak eta Arabako herrietan lan egitearen aldeko apustua egiten dutenak ahalduntzea", azaldu du Lopez de Arroyabek.
"Aukera paregabeak"
EH Bilduk nabarmendu du Araban "aukera paregabeak" daudela nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra garatzeko; besteak beste, "lurraldearen aniztasuna eta bertako nekazaritza-espazioak egokiak direlako, eta gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa duelako tokiko elikadura osasungarriaren alde".
Gainera, dinamika horretan gero eta talde gehiago daudela azpimarratu dute: Lautadako Landa Garapenerako Elkartea, Durrumako eraldaketa eremua, Araiako eguneko zentroko jantokia, besteak beste. "Gero eta eskaera gehiago daude tokiko elikagaiak sartzeko jantokietan eta, oro har, gizartean".
Estrategiak arrakasta izan dezan, Gasteiz eta Araba lotzea garrantzitsua dela deritzo EH Bilduk, "sektorearen eta gizartearen arteko lankidetzaren eta aliantzen bidez". Gaur egun kontsumitzaile gehienak hiriburuan daude, eta Gasteizek berak nekazaritzako elikagaien estrategia propioa onartu zuen duela urte batzuk.