Garoña desegiteko prozesuan gardentasuna eta biziberritze plan bat eskatu du Eguzkik

Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 17:00

Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak 2022an hastekoak dira. / ALEA

Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio Garoña desegiteko proiektuari. Talde ekologistak ingurunea eta segurtasuna fase guztietan aztertzea eta ingurunea biziberritzeko plan bat eskatu du, besteak beste.

Martxoaren 16an, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) Energia Nuklearreko Zuzendariordetza Nagusiaren iragarkia argitaratu zuen. Horren arabera, jendaurrean jarri zen Santa Maria de Garoñako (Burgos) zentral nuklearra eraisteko lehen fasearen proiektua, baita haren ingurumen inpaktuaren azterlana ere. Beraz, Espainiako Gobernuak zentrala eraisteko proiektuaren berri eman zuen, eta alegazioak aurkezteko epea ireki zuen, maiatzaren 4ra arte.

Eguzkik azaldu duenez, egoera aztertu ostean, kolektibo ekologista eta antinuklearrak alegazioak aurkeztu ditu, hainbat eskakizunekin: desegite fase guztietan "informazioa eta gardentasuna"; ingurunearen babesa; segurtasun neurriak zentrala "erabat eta seguru" desegin arte; eta, azkenik, ingurua biziberritzeko plan bat.

Gainera, zentral nuklearra eraisteko lehen faseko proiektuaren aurka agertu da Eguzki, baita baimena ematearen kontra ere: "Edo, hala badagokio, baimena emateko baldintzak eta alegatutako alderdiak betetzearen mende egotearen aurka, kalte guztiak, osasunerako eta ingurumenerako arriskuak eta alternatiba posibleak baloratuz".

Ingurune naturala eta segurtasuna

Lehenik eta behin, talde ekologistak kritikatu du ingurua aztertzean, finka eta zentral nuklearraren instalazioa deskribatzen direla, baina ingurune naturalaz, ordea, ez dela hitz egiten.

Bestalde, Eguzkiren arabera, proiektuan ez da aipatzen "ez segurtasun neurririk ez zentral nuklearretako esperientziarik; ezta pertsonen osasunean zein ingurumenean kalteak eragiteko desegite-lanen arriskurik ere; ezta airearen eta uren kutsadura ere; ezta horrek dakartzan ondorio sozioekonomikorik ere".

"Fase bakoitzaren ebaluazioa aurkezteak bermeak murriztea dakar, baita ingurua lehengoratzeko legezko betebeharraren azken fasea kontuan hartzeko betebeharra ere", azaldu du Eguzkik. Hori dela eta, faseka banakatutako informazioa eta azterketa egiteak araudia urratzen duela eta prozesuaren hiru faseak batera informatu, aztertu eta baloratu behar direla uste du.

Halaber, zentralaren ingurunea kontuan hartu behar dela uste du Eguzkik, "zentralaren desegite-prozesu osoan zehar giza osasunean, ingurumenean eta, batez ere, segurtasunean zein hondakinen kudeaketan dituen eraginak baloratuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago