Gasteiz eta Araba eremu gorritik atera diren aste bereko igandean, maiatzaren 9ko 00:00etan (larunbateko 23:59an), Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera amaituko da. Koronabirusari aurre egiteko neurri murriztaile nagusien marko juridikoa airean dago, beraz. Baliteke Pedro Sanchezek alarma egoera luzatzeko aukera aztertzea Madrilgo hauteskundeen ostean, baina momentuz aukera hori ez dago mahai gainean.
"Ziurgabetasun" egoera horren aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan iragarri du Eusko Jaurlaritza dekretu berri batean lanean ari dela, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeko (LABI) ordezkariekin batera. Neurri murriztaileak balizko egoera berrira egokitzeko dekretua ostiral honetan sinatuko luke lehendakariak, astelehenean bertan ezartzeko eta lau edo sei asteko epean indarrean egoteko.
Lehendakariak ez du dekretuaren inguruko xehetasun gehiagorik eman, baina "alarma egoeraren estaldura juridikoa galdu ostean egungo murrizketei eusteko tresna juridiko" gisa aurkeztu du, betiere Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenen barruan.
Zer gertatuko da alarma egoera amaitzen denean?
Alarma egoerarik gabe ez dago eskubide zibilak mugatzeko aukerarik. Zirkulatzeko askatasuna eta biltzeko askatasuna gailenduko lirateke, eta, beraz, ez legoke legezko estaldurarik indarrean dauden neurri murriztaileetako batzuk aplikatzeko: besteak beste, etxeratze agindua eta mugikortasunari zein gizarte topaketei ezarritako mugak.
Alarma egoeraren luzapena
Nolanahi ere, alarma egoera luzatzeko eskaera berretsi du lehendakariak, eta Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa bat espero du maiatzaren 9ra bitartean; oraingoz, "zain" dago Urkullu.
Bitartean, Espainiako Gobernuak berak ere lege dekretu bat onartuko du laster, maiatzaren 9tik aurrera neurri murriztaileei jarraipena emateko; airean dagoena da dekretu horrek alarma egoera berria ezarriko duen ala beste marko juridiko bat proposatuko ote duen.
Gainera, azken asteetan zehar, Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du autonomia erkidegoek "eskumen eta tresna nahikoak" dituztela Covid-19aren hedatzea kontrolatzeko eta, besteak beste, beren eskumenen barruan ordutegiak murriztu eta konfinamendu perimetralak ezartzeko.