Arabako intzidentzia tasa metatuak beheranzko joera mantendu du azken egunetan, eta intzidentzia 364koa da une honetan. Gainera, azken 24 orduetan soilik 38 positibo berri atzeman dira lurraldean. Gasteizen ere, bilakaera ona izan du egoerak: une honetan 359koa da intzidentzia, eta azken 24 orduetan 29 positibo berri baino ez dira atzeman hiriburuan.
Beraz, hiriburuan eta lurraldean konfinamendua altxatuko da asteartetik aurrera. Hala ere, Bizkaia eta Gipuzkoa eremu gorrian daude oraindik, eta aste honetan behintzat ez da lurraldetik ateratzeko aukerarik izango. Horrekin batera, Gasteizen neurri murriztaileak arinduko dira: ostalaritzaren barrualdeko ordutegien muga eta kirolean ezarritako murrizketak kenduko dira.
Aiaraldeko udalerri nagusietan, ordea, egoera txarra mantendu da, eta eskualdeko hiru udalerrik eremu gorrian jarraituko dute oraingoz, gutxienez astebete gehiago: Amurrio (522), Aiara (690) eta Laudio (648); gainera, Artziniega (470) ere batu zaie. Arabarekiko mugakide diren beste bi udalerri daude eremu gorrian: Urduña (543) eta Otxandio (3.616).
Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko bi udalerri arabar atera dira eremu gorritik, azken egunetako bilakaera ona dela eta: Bastida (1.345) eta Eltziego (772).
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Neurri murriztaileak
Arabak eta Gasteizek lau aste igaro dituzte eremu gorrian, eta bertatik aterako dira, azkenik. Beraz, hiriburuaren zein lurraldearen konfinamendu perimetrala astearte honetan amaituko da ofizialki. Hala ere, Bizkaia eta Gipuzkoa eremu gorrian daudenez, oraingoz ezin izango da Arabatik atera.
Gasteiztarrek, ordea, aukera izango dute eremu gorrian ez dauden beste udalerrietara mugitzeko; eta eremu gorrian ez dauden udalerrietako herritarrak ere hiriburura joan ahal izango dira.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak mantenduko dira Laudio, Amurrio, Aiara eta Artziniega udalerrietan, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte. Konfinamendu perimetralaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean,
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena maiatzaren 10ean, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak. Hala ere, maiatzaren 9an amaitzekoa da alarma egoera, eta ikusteke dago oraindik horrek indarrean dauden beste zenbait neurri murriztaileengan izango duen eragina.
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 8.363 test diagnostiko egin ziren; horietatik 506 positiboak izan ziren (%6,1).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,86koa da Araban eta 0,89koa EAEn; gainera, beheranzko joera dago. Beraz, birusa atzera egiteko fasean dago Araban eta EAE osoan, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako.
Ospitaleen egoera eta hildakoak
EAEko ospitaleei dagokionez, egoera egonkortzen ari da, presio asistentziala oraindik handia den arren. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 45 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
- 520 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 195 paziente ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 715 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan Covid-19aren ondorioz.
- Apirilaren 19tik 25era bitartean, 49 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
- Guztira, 4.187 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.
Egoeraren ondorioz, joan den astean, Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratu egin zituen bere ospitale sare osoan, gutxienez bi astez. Ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo. Izan ere, une honetan, ZIUetan irekita dauden 363 oheen %53 Covid-19a duten pazienteek okupatzen dituzte.