'Hau ez da niretzat' umorezko websail berria ALEAn ere izango da ikusgai

Erredakzioa 2021ko api. 14a, 17:20

Ttap eta Zut aldizkari digitalek Hau ez da niretzat websail berria estreinatuko dute asteon, eta ALEAn ere ikusi ahal izango da. Ostiral honetatik aurrera, hamabostean behin atal bat eskainiko da.

Aldizkari digital hauetarako propio sortutako Hau ez da niretzat websail berria umorezko sei atal independentez osatuta dago. Atal laburrak dira, mugikorretan ikusteko bertikalean grabatutakoak. Atal bakoitzean, Esti banatzaileak –Maialen Sorzabalbere aktorea– etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu, eta banaketa bakoitzaren atzean, eskaria bezain xelebrea den egoerarekin egingo du topo. Errealitatea ala fikzioa?

Gidoiak eta aktore lanak Barrexerka antzerki taldeko kideek egin dituzte: Maialen Sorzabalberek, Garazi Mitxelenak, Mikel Irazustak, Nerea Aranburuk, Amaia Rojok, Amaia Iraundegik, Peru Ansorenak, Ekain Arrietak eta Graxi Arregik.

Websailaren sortzaileak, bestalde, Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arcaya eta Egoitz Diaz dira; Ttap eta Zut aldizkariek iaz eskainitako Ixa websailaren egileak. Eta ekoizpenaz Goiena Komunikazio Taldea arduratu da.

Hirugarren websaila

Ttap eta Zut aldizkariek eskainiko duten fikziozko hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. 2019an, Ixa websail saritua kaleratu zuten, eta 2020an, Gorabeherak umorezko websaila ekoiztu eta eskaini zuten.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anbotoren, Baleikeren, Euskalerria Irratiaren, Goienaren eta Tokikomen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean (ADM SL). Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan. Hurrengo urtean sortu zuten nerabeentzako Zut aldizkaria, Gaztezulorekin elkarlanean, eta hamabostean behin argitaratzen da, ostegunetan.

Ttap eta Zut aldizkariak dohainik eskuratu daitezke Android zein iOS gailuetan, labur.eus/ttap eta labur.eus/zut helbideen bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago