Intzidentzia tasa metatua berriro igo da Araban eta Gasteizen. Azken 24 orduetan 140 positibo atzeman dira, eta lurraldeko intzidentzia 409koa da une honetan, hots, hamaika puntu igo da atzoko datuekin alderatuta. Horietatik, 115 kasu Gasteizen atzeman dira; eta hiriburuko intzidentzia 447koa da, ostegunean baino hamaika puntu gehiago ere.
Beraz, asteburuan zehar egoera aldatzen ez bada, Araba eta Gasteiz eremu gorrian mantenduko dira datorren astean; izan ere, astelehenean, hilaren 12an, udalerrien ebazpen berria argitaratuko du Osasun Sailak.
Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko lau udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta:
- Bastida (768)
- Eltziego (1.062)
- Iruña Oka (1.002)
- Legutio (1.146)
5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (267) eta Agurain (149) eremu horian mantentzen dira. Amurrio (300), ordea, eremu laranjan sartu da.
Neurri murriztaileak
Bi egun igaro dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak gure lurraldean ezarri zirenetik: Araban, lurraldearen konfinamendu perimetrala; Gasteizen eta beste lau udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa ezarri dira, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 12an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, ostegun honetan 10.709 test diagnostiko egin ziren; horietatik 792 positiboak izan ziren (%7,4).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,07koa da Araban, eta 1,13koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Eta Araban, azken egunetan hazkundea moteldu den arren, joera aldatu da berriro, okerrera.
Ospitaleen egoera
Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera ez da ona, eta presio asistentzialak okerrera egin du azken egunetan. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 74 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 366 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 106 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 469 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
Txertaketari buruzko datuak
Pfizerren 70.000 dosi baino gehiago iritsi dira aste honetan, eta, horri esker, Osakidetzak asteburu honetan amaituko du 80 urtetik gorako pertsonen txertaketa.
Erabilgarri dauden txertoen arabera, datorren astean hasiko da arrisku handiko kolektiboen eta 70-79 urte bitarteko pertsonen txertaketa. Asteburu honetan bertan hasiko dira hitzorduak zehazten, Osakidetzaren webgunearen bitartez. Osakidetzak SMS bat bidaliko die eta, bertan, hitzorduaren zerbitzura sartzeko lotura izango dute.
Arrisku handiko kolektiboei dagokienez, larunbata eta igandea bitartean, peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera. Hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera.
70 eta 79 urte bitarteko herritarren txertaketa nagusienekin hasiko da, 1942an eta 1943an jaiotakoekin.