Koronabirusa

60 eta 69 urte bitarteko pertsonei jarriko zaie AstraZenecaren txertoa

Erredakzioa 2021ko api. 8a, 19:30

Txertaketa aurrera doa, besteak beste, Santiago ospitalean. / ALEA

Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek AstraZenecaren txertaketa bertan behera uztea adostu dute 60 urtetik beherako pertsonen artean. Azkenean, Espainiako Osasun Ministerioak adin muga 69 urtera igotzea onartu du.

Ostegun honetan, adin muga 69 urtera igotzea onartu du Espainiako Osasun Ministerioak. Beraz, hemendik aurrera, 60 eta 69 urte bitarteko herritarrek baino ez dute jasoko AstraZenecaren txertoa. Adin tarte horren txertaketa prozesua bizkortzeko aukera izan daiteke.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) AstraZenecaren txertoa erabiltzen jarraitzea babestu du, "onurak arriskuak baino askoz gehiago direlako", baina tronboak "zeharkako ondorio oso arrarotzat" jo behar direla onartu duen arren. Gainera, aholkatu du txertoa erabiltzen jarraitzea adin mugarik gabe.  

Testuinguru horretan, asteazken honetan, Espainiako Osasun Ministerioak AstraZenecaren txertoa soilik 60 urtetik gorako pertsonei jartzea proposatu die autonomia erkidegoei, besteak beste, tronboen arazoari aurre egiteko; izan ere, zeharkako ondorioak batez ere 60 urtetik beherako emakumetan antzeman dira.

Azkenik, Madrilen kontrako botoarekin eta Ceuta zein EAEren abstentzioekin, akordioa lortu dute. Beraz, AstraZenecaren txertaketa bertan behera utzi dute 60 urtetik beherakoen artean.

Xehetasun gehiago ezagutu beharko dira egunotan: besteak beste, zer gertatuko den bigarren dosiaren zain dauden pertsonekin —beste txerto bat eman ala lehen dosia nahikotzat hartu—, hemendik aurrera zein izango den txertaketarako plangintza edota nola kudeatuko den AstraZenecaren txertoaren inguruko segurtasuna.

Eusko Jaurlaritzaren kritikak

Erabakiak ez du eragin zuzenik izango EAEn aste honetan. Izan ere, dagoeneko AstraZenecaren txerto guztiak jarri eta agortu ditu Osakidetzak. Hala ere, kontuan hartu behar da azken egunetan EAEko txertaketan izandako bizkortzea AstraZenecaren txertoari esker izan dela, besteak beste.

Ostegun eguerdian plazaratutako ohar batean, Osasun Sailak baieztatu du AstraZenecarekin txertatzeko estrategia eguneratuko duela, Lurralde arteko Kontseiluan adostu bezala, eta, oraingoz, dosiak 60 eta 65 urte bitarteko pertsonei emango dizkiela. Horrekin batera, bilera horretan emandako abstentzioa azaldu dute: "Erabakiak ez zuen kontuan hartu EMAren aholkua, eta ez zuen itxaron Osasun Publikoko Batzordearen gomendioa".

Bestalde, Osasun Sailak aitortu du une honetan ez dagoela bigarren dosiari buruzko erabakirik, eta ohartarazi du aurreikuspenen arabera maiatzean inokulatzen hasi beharko liratekeela. Azkenik, barkamena eskatu du "AstraZenecaren inguruko erabakiek herritarrengan sortu duten nahasmenagatik", eta informazioa ematen jarraituko duela ziurtatu du, "txertaketa estrategiari buruzko nobedadeak dauden neurrian".

Txertaketari buruzko datuak

Aste Santuan zehar, txertaketa prozesua bizkortu egin da EAEn, AstraZenecarekin biztanleria orokorraren txertaketa masiboa hasi ondoren eta, bereziki, hainbat txertodromo aktibatu ondoren; horien artean, Gasteizko Lakua pilotalekua.

Dagoeneko Espainiako hirugarren autonomia erkidegoa da (Errioxa eta Ceutaren atzetik) jarritako txertoen ehunekoari dagokionez: une honetan, jasotako txertoen %85,6 jarri ditu.

Gainera, txertatutako biztanle gehien dituen laugarren autonomia erkidegoa da: %17,1ek lehen dosia jaso du gutxienez, eta %6,1ek bigarrena ere. Hala ere, 80 urtetik gorako herritarren txertaketa motelago doa, Pfizer eta Moderna txertoen hornidura urriagoa delako. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago