Virginia Rada

"Azkenean, gauzak pentsatu baino askoz errazagoak dira"

Jone Arruabarrena 2021ko api. 11a, 08:00

Ghanako bidaia oso esperientzia aberasgarria izan da Virginia Radarentzat. VIRGINIA RADA

Gabonak ziren duela hiru urte Virginia Rada arabarrak Ghanan lur hartu zuenean. Motxila batek soilik egiten zion konpainia, baina hau galdu zuenean ere ez zen bakarrik sentitu. Bi asteren buruan bizkar-zorroa esperientzia zirraragarriez beteta itzuli zen Euskal Herrira.

Nola sortu zitzaizun bakarrik bidaiatzeko gogoa?

Ez zen erabaki kontziente bat izan. Gabonetan norabaitera joan behar nuen, lanean bi asteko oporraldia neukalako, baina garai horretan bidaiatu nahi duen norbait aurkitzea ez da erraza. Nik, ordea, behar dut urte erdian geldialdi hori egin eta eguzkia dagoen lekuren batera joan pilak kargatzeko. Horregatik erabaki nuen Gabonetan bidaiatzen hastea, baina banekien beste norbaiten zain banengoen, ez nintzela joango. Beraz Ghanara abiatu nintzen, bakarrik.

Zergatik Afrikaraino?

Gabonetako oporrak oso luzeak ez direnez, nahiko hurbil zegoen lekuren batera joan nahi nuen. Ez nuen egun oso bat galdu nahi bertaraino joaten eta beste bat bueltatzen. Beraz, aukera errazena Afrika zen, eta hainbat blog irakurri ondoren, erabaki nuen aukera onena, une horretan, Ghana zela.

Hurbilago ere joan zintezkeen, baina Ghanaraino joatea erabaki zenuen.

Bai. Oporretara noanean, kultura aldaketa bat izatea asko gustatzen zait, eta pentsatzen dut astia izango dudala hemen inguruan geratzeko nagusiagoa naizenean.

Non hartu zenuen aterpe?

Couchsurfing aplikazioarekin froga egitea erabaki nuen. Aplikazio honek aukera ematen du bertako herritarrak diren erabiltzaileekin harremanetan jarri eta hauen etxean ostatu hartzeko. Aukera ezin hobea da bertako jendea eta kultura bertatik bertara ezagutzeko, eta horrela ezagutu nuen herrialdea. Esperientzia positiboa izan zen, oso aberasgarria.

Emakume izateak eragin zizun non geratu erabakitzerako orduan?

Ez nuen asko pentsatu. Ghanari buruz idazten zuten bidaiari guztiek zioten oso segurua zela, eta lasai joan nintzen. Hala ere, egia da emakume bat izanda eta bakarrik joanda, badaukazula kezka hori. Arreta handiz aztertu nuen erabiltzaile bakoitza, eta beraiekin hitz egin nuen esperientzia ona izango zela ziurtatzeko. Bertako gehienak etxoletan bizi dira, eta ez daukate gauza askorik etxean: apalen bat eta ohe bakar bat izaten dituzte normalean. Beraz, gehienetan ohea partekatu behar izan nuen ostatu eman zidaten gizonekin, baina ez nuen inolako arazorik izan.

Beldurrik izan zenuen momenturen batean?

Bai, baina ez zerbait gertatuko zitzaidalako, baizik eta nigatik. Ea nola sentituko nintzen bi astez bakarrik egonda. Baina ez zen hala izan. Beti nengoen norbaitekin, eta ostatu ematen zidatenek asko laguntzen zidaten. Hala ere, hasiera pixka bat aldrebesa izan zen.

Zer gertatu zen bidaiaren hasieran?

Lehenengo egunean ostatu batean lo egin nuen, hegazkina oso berandu heltzen zelako Ghanara, eta hurrengo goizean beste hegazkin bat hartu behar nuelako iparralderantz. Baina aireportuan nire motxila ez zen agertzen, eta motxilaren zain egon behar izan nuen bi egunez. Hala ere, ostatuko harreran mexikar bat zegoen, eta berak lagundu zidan. Motxila agertu eta hegazkina hartu ahal izan nuenean ere, airean zegoen hautsarengatik arazoak izan genituen aireratzeko, baina azkenean hirugarren saiakera batean lortu genuen.

Horrek planak aldarazi zizkizun?

Ikasi nuen Afrikan nahi duzun guztia lor dezakezula, baina guztia oso oso motel doala. Ni hemengo erritmoarekin nihoan, beti presaka, eta konturatu nintzen jarrera aldatu behar nuela. Han badakizu autobusak gutxi gorabehera noiz irtengo diren, baina bi orduko atzerapena daukate askotan. Noiz helduko zaren kalkulatzea, ordea, ez da hain erraza, bideak egoera kaskarrean daudelako, eta garraioa ere bai.

"Beti nengoen norbaitekin eta ostatu ematen zidatenek asko laguntzen zidaten"

Ikasi egiten da bakarrik bidaiatzen?

Hasieran pentsatu nuen guztia askoz zailagoa izango zela. Baina gero, hara heltzean konturatzen zara gauzak pentsatu baino askoz errazagoak direla, eta oztopoak izan arren, azkenean guztia aurrera doala.

Bidaiako oroitzapen bereziren bat gordetzen duzu?

Gizon batzuen etxean ostatu hartu ondoren, neska batekin probatu nahi izan nuen. Ordura arte etxoletan egiten nuen lo, bakarrik bizi ziren pertsonekin. Baina neska haren etxea txalet antzerako bat zen, eta denetarik zeukaten: dutxa, xaboia, janaria... Neska hura bere amarekin bizi zen arren, familia guztia zegoen etxean, Gabonetako oporrak bertan igaro nahi zituztelako, eta beraiekin egon nintzen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen.  

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago