yolanda muñoz

"Salbuespen bat izateari utzi nahiko nioke"

Jone Arruabarrena 2021ko api. 10a, 08:00

Yolanda Muñozek azaldu duenez, Asian jende askok gelditzen zuen nora zihoan galdetzeko. YOLANDA MUÑOZ

Gasteizko Alde Zaharreko bere etxetik jaitsi zen Yolanda Muñoz 2014. urtean, bizikleta eta ekipaje arin bat gainean zuela. Etxeko atean hasi zuen urtebete eta zortzi hilabete iraungo zuen bidaia. Europarantz abiatu zen pedalei eraginez, eta konturatu orduko igaroak zituen Txina, Thailandia, India zein Irakeko Kurdistan. 

Gogoratzen duzu bidaia hori egitea erabaki zenuen momentua?

Bai. Bidaia hasi baino lau urte lehenago, 2010ean, urte bateko eszedentzia hartu nuen eta motxila hartuta nire bikotearekin beste bidai bat egin nuen. Gogoratzen dut Patagonian geundela, Las Torres del Paine parke naturalean, eta orduantxe erabaki nuen ahal bezain laster beste bidaia bat egingo nuela, baina luzeagoa eta bizikletaz.

Askotan galdetuko zizuten: zergatik bakarrik eta ez beste norbaitekin?

Alde batetik, esango nuke nire buruarekin oso ondo moldatzen naizela. Hala ere, ez nuke esango bakartia naizela, baizik eta bakarrik egoten badakidala. Gustatzen zait, eta beharra ere sentitzen dut. Gauza ezberdinak dira bakarrik bidaiatzea eta bakarrik sentitzea. Ni ez naiz bakarrik sentitzen, beti aurkitzen dut norbait bidean. Asian, jende askok gelditzen ninduen nora nihoan galdetzeko. Askotan aukeratu behar izan dut norekin joan tea hartzera edo noren etxean lo egin, familia ugarik eskaintzen baitzidaten.

Zein abantaila ditu bakarrik bidaiatzeak?

Beste norbaitekin bidaiatuz gero, jendea ezagutzen duzunean ez daukazu horren harreman zuzena beraiekin. Bakarrik banoa, aldiz, artez etortzen da jendea niregana. Horrez gain, izugarrizko hazkunde pertsonala da. Zuk egin behar diezu aurre egoera guztiei, onak zein txarrak izan, eta hortik asko ikasten da.

Zer eragin dauka emakume izateak?

Beti esaten zidaten: nola da posible zu hemen egotea, bakarrik eta emakumea izanda? Gehienetan bi galderak batera zihoazen. Salbuespen hori izateari uztea nahiko nioke. Agian bai, meritu txiki bat izango du horrenbeste kilometro bizikletaz egiteak, baina beste edozein pertsonak egingo balu bezainbeste. Askok esan didate oso ausarta naizela, baina ez, hori ez da kontua. Guztiok aske bizi behar dugu, nahi duguna egiteko aukera izan beharko genuke.

Zure burua arriskuan ikusi duzu inoiz?

Bai. Behin Tajikistanen errepide zahar eta txiki baten ondoan jarri nuen kanpin denda. Urrunean etxe batzuk ikusi nituen, baina horrez gain, ez zegoen beste ezer inguruan. Denda barruan nengoela bi gizonen ahotsak entzun nituen, eta bat ingelesez galdetzen hasi zitzaidan ea barruan nor zegoen. Hasieran ez erantzutea pentsatu nuen, ez zitezen konturatu emakumea nintzela. Baina gero esan nien bizikletaz bidaiatzen nenbilela eta nekatuta nengoela, lo egin nahi nuela. Hori esan ondoren, joan egin ziren. Iranen ere bidean geratzen nintzenean kamioilariak hurbiltzen zitzaizkidan fruta eskaintzera, eta bi edo hiru aldiz ni ukitzen edo musukatzen saiatu ziren. Batek prakak ere jaitsi zituen. Defentsa moduan jarri nintzen, eta bultza egiten nien. Bati txistua ere bota nion. Nik horiek bizi nituen, baina egia da gauza askoz okerragoak gertatzen direla. Hala ere, kontuan izan behar dugu eraso gehienak gure inguruan gertatzen direla, familian eta hurbileko pertsonen artean.

Nola lortu zenuen beldurra kentzea?

Hasieran, nire beldur handiena errepide egokiak aukeratzea zen. Ez nekien nola jakingo nuen zein bide hartu, dena oso handia iruditzen zitzaidan. Baina gero, konturatu nintzen mapak eta kartelak daudela, eta batez ere, laguntzeko prest dagoen jendea. Pentsatzen duguna baino askoz errazagoa da. Esango nuke, beldurrari eginez egiten zaiola aurre. Eta horrek denetarako balio du.

Zer eman dizu bidaiak?

Askoz gutxiago kontsumitzen ikasi dut, eta hazi egin naiz. Gainera, ikusi dut berrietan entzuten ditugun gauza asko ez direla egia. Aurkitu dudan jende guztia adeitsua, oso bihotz onekoa eta eskuzabala izan da. Munduan zehar dagoen jende gehienak bakean bizi besterik ez du nahi. Eta konturatu naiz emakumeok mundua mugitzen dugula. Benetako mundua diot: familiarena edo ez-familiarena, komunitatearena, herriarena...

Bidaiako anekdota berezirik gogoratzen duzu?

Niretzako momentu onenak naturarekin kontaktuan pasa ditut. Bereziki gogoratzen dut Ladakh Indian, bizikletaz igotzeko oso gogorra zen, baina paisaia miresgarria zen. Jendeari dagokionez, oso harreman berezia egin nuen hiruzpalau emakumerekin. Iranen, adibidez, bere lagun batekin paseatzen zebilen emakume batekin aurkitu nintzen. Geldiarazi eta bere etxera gonbidatu ninduen tea hartzera. Azkenean hiru egun eman nituen haren etxean, bere familiarekin. Oraindik harremana mantentzen dugu.

Zer esango zenioke horrelako bidaia bat hasteko asmoa duen emakume bati?

Aurrera egiteko. Esperientzia ikaragarria dela. Momentu txarrak ere izango dituela, baina hortik beti lezio asko ateratzen direla. Asko ikasiko duela bere buruaz eta baita jendearen inguruan ere. Eta beldurrari zein ziurtasun ezari aurre egiteko. Bizitzeko, eta bizirik dagoela sentitzeko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago