Koronabirusa

Eremu gorritik irten da Araba, konfinamendua ezarri eta biharamunean

Erredakzioa 2021ko api. 8a, 13:00

Ertzaintzaren kontrola Gasteizko irteeran, asteazken honetan. / IREKIA

Arabako intzidentzia tasa metatua 398ra jaitsi da, lurraldean 113 positibo berri atzeman diren arren. Gasteizek, ordea, eremu gorrian jarraitzen du, baina intzidentzia sei puntu jaitsi da, 436ra.

Intzidentzia tasa metatua jaisten ari da Araban eta Gasteizen. Azken 24 orduetan 113 positibo atzeman dira, baina lurraldeko intzidentzia 398koa da une honetan, hots, zazpi puntu jaitsi da atzoko datuekin alderatuta. Horietatik, 86 kasu Gasteizen atzeman dira; eta hiriburuko intzidentzia 436koa da, ostegunean baino sei puntu gutxiago. Beraz, neurriak mantentzen diren arren, Araba eremu gorritik atera da, baina Gasteiz bertan mantentzen da oraindik.

Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko lau udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta:

  • Bastida (640)
  • Eltziego (1.449)
  • Iruña Oka (1.086)
  • Legutio (1.091)

5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (261), Amurrio (212) eta Agurain (130) eremu horian mantentzen dira.

Neurri murriztaileak

Egun bat igaro da Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak gure lurraldean ezarri zirenetik: Arabako lurraldearen konfinamendu perimetrala ezarri da; Gasteizen eta beste lau udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa ezarri dira, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 12an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa egonkortze fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 11.038 test diagnostiko egin ziren; horietatik 788 positiboak izan ziren (%7,1).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,99koa da Araban, eta 1,10ekoa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Baina bereziki Araban hazkundea moteltzen ari da, birsorkuntza tasa atzera egiten hasi delako eta positibo bakoitzak beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako. Ikusteke dago datozen egunetan joera hori mantentzen ote den.

Ospitaleen egoera

Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera ez da ona, eta presio asistentzialak okerrera egin du azken egunetan. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 65 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 366 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 103 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 469 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.

Txertaketari buruzko datuak

Aste Santuan zehar, txertaketa prozesua bizkortu egin da EAEn, AstraZenecarekin biztanleria orokorraren txertaketa masiboa hasi ondoren eta, bereziki, hainbat txertodromo aktibatu ondoren; horien artean, Gasteizko Lakua pilotalekua.

Dagoeneko Espainiako hirugarren autonomia erkidegoa da (Errioxa eta Ceutaren atzetik) jarritako txertoen ehunekoari dagokionez: une honetan, jasotako txertoen %85,6 jarri ditu.

Gainera, txertatutako biztanle gehien dituen laugarren autonomia erkidegoa da: %17,1ek lehen dosia jaso du gutxienez, eta %6,1ek bigarrena ere. Hala ere, 80 urtetik gorako herritarren txertaketa motelago doa, Pfizer eta Moderna txertoen hornidura urriagoa delako. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago