'Baby'-k film onenaren saria irabazi du Nanteseko Zinemaldian

Erredakzioa 2021ko api. 6a, 10:30
'Baby' filmaren irudi bat. / BABY

Juanma Bajo Ulloa arabarraren Baby filmak arrakasta handia lortu du Nanteseko Espainiako Zinemaren Jaialdian. Film onenaren Jules Verne saria eta Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi ditu.

Pandemiaren ondorioz, Nanteseko Zinemaldia bi fasetan ospatzea erabaki da: bat digitala eta bestea, maiatzetik aurrera, zinema aretoetan. Nanteseko Espainiako Zinemaren Jaialdiak martxoaren 25ean abiatu zuen bere 30. edizioa, eta Festival Scope plataforma digitalaren bidez eskaini zituen aukeratutako 29 filmak.

Igandean ospatu zen sari banaketa, eta, bi pelikularentzat izan da aurtengo sari nagusia Jules Verne saria: Baby, Juanma Bajo Ulloa zuzendari arabarrarena, eta Armugan, Jo Solena; bigarren filmeko protagonista Iñigo Martinez aktore laudioarra da.

Alicia Luna gidoilariak gidatutako epaimahaiaren oharrean azaldu dutenez, ezin izan dute bi film horietako bat aukeratu, eta saria ex aequo banatzea erabaki dute; hau da, bi irabazleren artean elkarbanatuz.

Epaimahaiaren ustez, "genero oso ezberdineko" filmak dira biak, baina "ezaugarri berdintsuak" dituzte: "Irudiaren nagusitasun erradikala elkarrizketaren gainetik, argazkigintza bikaina, eta naturaren eta, bereziki, animalien munduaren presentzia hunkigarria" nabarmendu dituzte.

Orain, sari honekin, filmaren palmaresa borobiltzea lortu du Bajo Ulloak. Feroz Sarietan, Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte saritu zituzten Baby filmaren soinu bandagatik. Goya Sarietan, berriz, bi izendapen lortu zituen filmak zuzendari onenaren eta jatorrizko musika onenaren sarietarako, baina Akademiak ez zion saririk eman; orduan Ane izan zen Arabako zinemagintzaren izarra.

Gazte epaimahaia

Elkarbanatutako sariaz gain, zuzendari arabarraren Baby filmak Gazte Epaimahaiaren saria ere irabazi du. Sari hori 18 eta 30 urte bitarteko bost zinemazalek erabaki dute, eta zuzendariak erakutsi dien "unibertso gaizto eta liluragarria" nabarmendu dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide