Bideoklipa

Haizeatxok 'Nire lagunek bai' kaleratu du, Hala Bideorekin elkarlanean

Erredakzioa 2021eko apirilaren 3a

Haizeatxo rap abeslariak bere azken bideoklipa plazaratu du: Nire lagunek bai; oraingo honetan, Hala Bideorekin elkarlanean sortu du ikus-entzunezkoa. Besteak beste, indarkeria matxista eta autodefentsa feminista ditu hizpide.

Martxoaren 8an, milaka emakumeren aurrean aurkeztu zuen abestia Gasteizen. Txalo eta oihu artean, "Poliziak ez nau zaintzen, nire lagunek bai" bertsoa Andre Maria Zuriaren plazako bazter guztietara iritsi zen, eta, azkenik, ikusgai dago bideoklipa. Abestiaren grabaketarako Ainhoa Galainen laguntza izan du.

"Emakumeok gure espazioa hartzen ari gara rap musikan", zioen Haizea Alonso urizahartarrak 2020ko apirilean, pandemiaren hasieran, ALEArekin izandako solasaldian. Zalantzarik gabe, urratsez urrats, horretan ari da Haizeatxo.

2019ko abenduan Nire Bala argitaratu zuen, dagoeneko 97.000 ikustaldi baino gehiago lortu dituen bideoklip arrakastatsua. Ondoren, 2020ko martxoan, Hitzak iritsi zen, ALEAren elkarrizketarako aitzaki paregabea. Irailean, Errekaleorrera jo zuen Petricor izeneko bideoklipa grabatzera. Eta, bitartean, astia izan du Dj X eta Ningrarekin batera Hala Bedi Sessions saio bat eskaintzeko zuzenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago