Haizeatxo

"Emakumeok gure espazioa hartzen ari gara rap musikan"

Mikel Buruaga 2020ko api. 25a, 11:25

Urizaharra eta Gasteiz artean bizi da Haizea Alonso. / ALEA

Haizea Alonso rap abeslari arabarrak Hitzak bideoklipa argitaratu berri du, Nire Bala arrakasta biralaren ostean. Urizaharreko raperoak haize freskoa ekarri du konfinamendu garaian, Arabako Mendialdetik zuzen-zuzenean.

Abenduan argitaratutako Nire Bala bideoklipak 70.000 ikustaldirekin lortutako arrakastak musikari honekiko miresmena piztu du sare sozialetan.

Urizaharrean bizi eta Gasteizen ikasten duen Haizea Alonsoren (Urizaharra, 2001) bigarren lana da Hitzak, eta berriro ere "lagun artean", Nekane Fernandezek sinatu du bideokliparen ekoizpena; Talka espazio feministaren kokaleku berrian eta hustutako gunearen aurreko plazan grabatu zuten, koronabirusaren eraginez konfinamendua hasi baino lehen.

Aukeratutako agertokia ez da kasualitatea, feminismoa baita Haizearen sorkuntzaren ardatzetako bat, ez soilik bere abestien letretan; emakumeek mikroetara salto egitea nahi du Haizeak, baita Arabako rap eszenan ere.

Jakina, hitzetatik ekintzara jauzia eman du berak ere, eta "idazteko inspirazio unea" topatu ohi du herria eta hiriburua lotzen dituen eguneroko autobus bidaiak uzten dion denbora librean.

 

Zerbait berezia eskaintzen dizu rap musikak?

Hasieran ez neukan pentsatuta rap musika egin nahi nuenik, baina betidanik gustatu zaidan estilo bat da, eta erraztasunak ematen dizkizu errimak egiteko, freestyle egiteko, nahi duzun hori adierazteko... eta animatu nintzen. Zergatik ez?

Zer adierazi nahi duzu?

Abestiaren arabera erabakitzen dut, baina garrantzitsua iruditzen zait musikak mezu bat izatea, eta hori egiten saiatzen naiz: mezu argi bat utzi nahi dut nire letretan, eta baita irudietan ere. Oraindik ez dut nire estiloa guztiz zehaztu, baina argi daukat euskarazko rapa aldarrikatu nahi dudala. Gainera, hain gizonduta dagoen musika estilo honetan emakumeak ere bagaudela defendatu nahi dut; pixkanaka ari gara gure espazioa hartzen.

Nola lortzen duzu inspirazioa?

Hainbeste ordu ematen ditut autobusean, herritik Gasteizera joaten… Normalean autobusean idazten ditut letrak, bertan lortzen baitut idazteko inspirazio unea. Beraz, denbora librea daukadanean idazteko aprobetxatzen dut. Ez daukat egunean zehar zehaztutako momentu bat: ateratzen denean, ateratzen da.

"Ez dut grabatzeko baliabiderik, ikaslea naiz eta ezin dut ordaindu"

Zaila al da gazte sortzaileentzat lehendabiziko urratsa?

Prekarietateak gazte guztion bizitzan gogor jotzen duen moduan, gazte sortzaileen lanean ere eragina dauka. Nire kasuan, adibidez, topatzen dudan zailtasunik handiena da ez dudala grabatzeko baliabiderik, ikaslea naizelako eta ezin dudalako ordaindu; are okerrago estudio batean grabatu nahiko banu. Orduan, lagun artean eta modu prekario batean grabatzen dugu, baina kalitatea bilatzen dugu eta guapo gera dadin saiatzen gara.

Espero zenuen Nire bala bideokliparen arrakasta?

Ez [barrez]. Ez nuen batere espero; flipatuta geratu nintzen, eta harrituta jarraitzen dut. Jende askok esan dit gustatu zaiola eta hori… baina ez nuen batere espero. La Purezza del Quartiere bezala sinatzen duen Madrilgo lagun bat, Juanan, egun batzuk Gasteizen pasatzera etorri zen, eta grabatzea proposatu nion. Motibatu ginen, goiz batean grabatu genuen Alde Zaharrean, eta hau atera da.

"Garrantzitsua da musikak mezu bat izatea, eta hori egiten saiatzen naiz"

Konfinamendu garaian argitaratu duzu Hitzak. Sortzeko beharra al zenuen?

Ahotsa duela hilabete batzuk grabatu genuen, Nire Bala atera eta berehala; eta bideoa martxoaren hasieran grabatu genuen. Konfinamendua hasi zenean montatu gabe zegoen oraindik, eta momentu ona zen sorpresatxo bat emateko; Nekanerekin hitz egin nuen eta orain ateratzea erabaki genuen.

Eta, bigarren lanetik aurrera zer? Norantza jo nahi duzu?

Oso gogotsu nago. Jarraitzeko eta gauza ezberdinak ere egiteko asmoa dut; estilo ezberdinak jorratu, letra ezberdinak… Gainera, jendeak esaten dit gogoa duela gauza berriak entzuteko. Orduan, aurrera, ezer zehatzik pentsatuta ez dudan arren; momentuz abesti solteak egingo ditut, bideokliparekin, eta aurrerago ikusiko dut maketa bat grabatzera animatzen naizen.

"Bada garaia jendeak ikus dezan kulturgintzak benetan duen balioa"

Etxealdi honetan ere sortzen jarraitzen duzu?

Garai honetan sorkuntzan murgilduta gabiltza denok, ezinbestean [barrez], beraz zerbait berria sortzen saiatzen ari naiz. Sortu nahian bai, baina inspirazio askorik ez datorkit egun hauetan. Hala ere, zerbait makinatzen ari naiz eta ikusiko dugu.

Greba digitalarekin bat egin duzu. Zer aldarrikatu nahi duzu?

Beste gauza askoren artean, lehen aipatu dudana salatu nahiko nuke: gazte sortzaileok sufritzen dugun prekarietatea. Gainera, uste dut badela garaia jendeak ikusteko kulturgintzak benetan duen balioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago