Koronabirusa

Araba eta Gasteiz, konfinamendu perimetralaren atarian berriz ere

Erredakzioa 2021ko mar. 26a, 13:30

Ertzaintzaren errepide-kontrol bat konfinamendu perimetrala zaintzeko. / IREKIA

Intzidentzia tasa metatua 322koa da Araban eta 341ekoa Gasteizen. LABIk arratsaldean onartuko dituen behin betiko neurrien zain, litekeena da datozen egunetan konfinamendu perimetrala ezartzea hiriburuan eta lurraldean.

Azken egunetako joera mantenduz, Arabako intzidentzia tasa metatuak gora egiten jarraitzen du: une honetan 322koa da, eta gure lurraldea pandemiaren bosgarren olatuan dago, bete-betean. Azken 24 orduetan 104 positibo atzeman dira Araban.

Horietatik, Gasteizen 88 positibo atzeman dira; hiriburuko intzidentzia tasa metatua, gainera, 341ekoa da jada. Laudio (141,68), Amurrio (135,53) eta Agurain (224,17) eremu horian daude, oraingoz.

Bestalde, egoera kezkagarriagoa da Arabako hainbat udalerritan, intzidentzia tasa 1.000tik gorakoa baita: Berantevilla (1.002), Eltziego (2.028), Elvillar (1.420), Okondo (1.479) eta Villabuena (1.063).

LABIren bilera

Arratsalde honetan, 16:30etik aurrera, LABIren bilera egingo da, Aste Santurako neurri berriak ezartzeko. Oraingoz dakigunaren arabera, neurriek intzidentzia tasa metatua 400 kasutik gorakoa den udalerriei eragingo diete, batez ere.

Besteak beste, udalerri edo lurralde horietan konfinamendu perimetrala berrezartzea, ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea eta espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga ezartzea dira aurreikusi diren neurrietako batzuk.

Ikusteke dago oraingoan zein astegunetan argitaratuko den udalerrien ebazpena; hainbat iturriren arabera, litekeena da asteartean edo asteazkenean izatea. Beraz, Araba eta, bereziki, Gasteiz, balizko konfinamendu perimetral berri baten atarian leudeke.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, ostegun honetan 10.040 test diagnostiko egin ziren; horietatik 604 positiboak izan ziren (%6). Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,31koa da Araba, eta 1,17koa EAEn; hortaz, birusa hedatze-fasean ari da, kutsatzen den pertsona bakoitzeko beste bat baino gehiago kutsatzen ari delako.

Ospitaleen egoera

Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 37 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 227 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 87 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 314 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago