Azkenean bai, ostiral honetarako Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordearen (LABI) bilera deitu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta, aurreratu duenez, Covid-19aren aurkako neurriak "gogortzeko" aukera mahai gainean dago, azken egunetan pandemiak EAEn izan duen bilakaera okerra dela eta.
Aipatu dituen balizko neurri nagusiak honako hauek dira: espazio itxien ordutegiak mugatzea eta udalerrien zein lurralde historikoen konfinamendu perimetralak berrezartzea; alarma egoerako dekretuak ez ditu askoz aukera gehiago uzten. "Intzidentziak gora egiten jarraitzen badu, ez dugu ezer baztertzen", adierazi die Urkulluk Eusko Legebiltzarrean bildutako kazetariei.
Ostiralean 16:30ean bilduko da lehendakaria aholkatzen duen Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea, LABI politikoa.
Mugikortasuna, ostalaritza eta kirola
LABIren batzorde teknikoa ostegun honetan bildu da berriro, eta erabakiak ostiraleko bileran (LABI politikoan) hartuko badira ere, oraingoz, hainbat proposamen aurreratu dituzte.
Planteatutako formula lurralde edo udalerriaren araberakoa izango da. Hortaz, Aste Santurako neurriak egun batetik bestera aldatu ahal izango dira, pandemiaren bilakaeraren arabera; baita egun horietara begirako planak ere.
Neurri nagusi gisa, intzidentzia tasa metatua 400 kasutik gorakoa den udalerrietan mugikortasuna murriztea proposatu du LABI teknikoak.
Horrez gain, baliteke udalerri horietan murrizketa gehiago ezartzea ostalaritzan eta kirolean, besteak beste:
- Ostalaritzako establezimenduen barrualdeko ordutegia murriztea proposatu dute: 6:30etik 9:30era, gosarietarako; eta 13:00etatik 16:30era, bazkarietarako.
- Eremu itxietan egiten diren kirol jarduerei dagokionez, proposamena da lau pertsonako muga ezartzea.
Une honetan, azken datuen arabera, Arabako intzidentzia tasa 304,66koa da, eta Gasteizkoa 319,65ekoa. Hortaz, seguru asko, neurri horiek hiriburuari eragingo diote datorren astean.