Artxibatuta Hala Bediko kazetari baten lana oztopatu zuen ertzainaren aurkako kereila

Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 14:19
Julio Sanchez abokatua (ESK) eta Jon Hidalgo Hala Bediko kazetaria, epaitegian. / ALEA

Talkaren desalojoaren berri ematen ari zela, Hala Bediko kazetari bati telefonoa kendu eta mehatxu egin zion ertzain batek. Polizia horren kontra aurkeztutako kereilaren auzia ixtea erabaki du epaileak, baina helegitea aurkeztuko du Hala Bedik.

2020ko maiatzaren 8an, ertzain batek telefonoa kendu eta 300.000 euro arteko isun batekin mehatxu egin zion Hala Bediko kazetari bati, Talkaren desalojoaren berri ematen ari zela.

Azaroaren 23an, Hala Bedi hedabide arabarrak kereila bat aurkeztu zuen kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen poliziaren kontra.

 

Lau hilabete beranduago, Arabako Justizia Auzitegiak auzia artxibatzea erabaki du, ikerketaren lehen fasean. Hala Bedik kritikatu duenez, epaitegiak ertzainaren deklarazioa baino ez du jaso, eta agentearen adierazpenetan oinarrituta, bere errugabetasuna frogatutzat eman du.

"Ez gaude ados epailearen ebazpenarekin, eta helegitea jarriko dugu", iragarri dute Arabako hedabide libreko kideek. Salatu dutenez, froga gisa aurkeztutako bideoa eta eskatutako lekukotza frogak ez dira aintzat hartu. "Ikerketa ez da serioa izan, oso desorekatua izan da eta ez du auzia argitu, poliziaren bertsioa ontzat ematera mugatu da", kritikatu dute.

"Ohikoa da poliziaren bertsioak gainerakoenak baino pisu gehiago izatea, baina ez litzateke hala izan beharko auzipetutako pertsona ertzaina bera denean", adierazi dute. Horrenbestez, helegite baten bidez, ikerketak aurrera jarraitu dezan eskatuko du Hala Bedik, "auzia modu orekatuagoan argitu dadin.

Jon Hidalgo Hala Bediko kazetariaren hitzak, epaitegian:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide