European University Gasteiz: beste urrats bat unibertsitatearen pribatizazioaren bidean

Erabiltzailearen aurpegia STEILAS sindikatua 2020ko uzt. 24a, 10:45

Baskonia-Alaves taldeak sustatutako unibertsitatea onartzeko lege-dekretua onetsi da. / EUNEIZ

"Noiz eta arrakala sozialak inoiz baino ageriago daudenean, osasun eta hezkuntza sistema publiko indartsuak behar-beharrezkoak ditugula demostratu denean... zer eta unibertsitate pribatu bati ateak irekitzeko baimena ematea".

Pasa den astelehenean, uztailaren 20an, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren barruan aurkeztu zen European University Gasteiz (EUNEIZ), hirian zabaltzeko asmoa dagoen unibertsitate pribatua onartzeko lege-dekretua. Aurrera doa, beraz, Unibertsitate pribatu horren izapidetze administratiboa, eta, orain, Legebiltzarretik igarotzea baino ez zaio falta.

Harrigarria benetan, noiz eta Covid-19aren izurria oraindik gainditu gabe gaudenean, arrakala sozialak inoiz baino ageriago daudenean, jendarte justuago baterako osasun eta hezkuntza sistema publiko indartsuak behar beharrezkoak ditugula demostratu denean... Zer eta unibertsitate pribatu bati ateak irekitzeko baimena ematea.

"Unibertsitate pribatu gehienek egiten dutena egitera baitator hau ere: negozioa, ase gabe dagoen eskari baten aitzakian"

STEILAS proiektu honen guztiz kontra dago, hain zuzen ere, unibertsitate pribatu gehienek egiten dutena egitera baitator hau ere: negozioa, ase gabe dagoen eskari baten aitzakian. Horretarako ez dute jotzen ikasketa berriak edo berritzaileak zabaltzera, ez. Normalean unibertsitate publikoan jada existitzen diren eta eskari handia duten ikasketak bikoizten dituzte, harekin lehian sartuz.

Gaitz erdi horrek epe ertainera berarekin ekarriko ez balu unibertsitate publikoaren ahultzea, gero eta finantzaketa publiko eskasagoaren ondorioz. Baina gehienetan, zoritxarrez, batak bestea dakar.

Horrela ulertzen da azken urteotan unibertsitate pribatuak etengabe zabaltzen joan izana Espainiako estatuan, unibertsitate publikoek finantzaketa murriztuta eta berrikuntza zein garapena ezinduta ikusten dituzten bitartean. Are gehiago, askotan, ustez lurraldearen garapenari egiten dioten balizko ekarpenaren argudioaren justifikazioarekin, unibertsitate pribatuak eurak bihurtzen dira baliabide eta mesede publiko ugariren onuradun, unibertsitate publikoaren garapenaren kaltetan.

"Unibertsitate pribatuak bihurtzen dira baliabide eta mesede publiko ugariren onuradun, publikoaren garapenaren kaltetan"

Baskonia-Alaves taldeak Girona eta Tarragonako unibertsitate pribatuen lankidetzarekin sustatzen duen EUNEIZ proiektua Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak bikoiztera dator. Hain zuzen ere, biak ala biak jada EHUk eskaintzen dituenak; bigarrena, Gasteizen bertan.

Gauza bera gertatzen da Eduki Digitalen Sorkuntzaren arloko graduekin ere: badira EHUn eta Gasteizen bertan gai horietan eremu publikotik bideratutako ikasketak. Are gehiago, Euskadin bertan badira beste unibertsitate pribatu batzuk ere ikasketa berberak eskaintzen dituztenak arlo bietan.

"Espainiako unibertsitate pribatuen garapenaren bide beretik eraman nahi gaituztela ematen du; harreman klientelar guztiekin ere"

Larria irizten diogu honi guztiari, halako lege egitasmoa uztailaren amaieran pasatzea, presaz bezala, erdi-isilean. Ez dakigu unibertsitate-proiektua azkenean gauzatu ere egingo den, baina Euskadin ere Espainiako unibertsitate pribatuen garapenaren bide beretik eraman nahi gaituela ematen du Eusko Jaurlaritzak; ondorengo harreman klientelar guztiekin ere.

Horregatik dei egiten diegu Hezkuntza eta Unibertsitate Publikoaren alde diren alderdi, sindikatu eta gizarte eragile guztiei euren oposizioa erakustera proiektu honen aurrean, eta guztiontzako Unibertsitate Publiko kalitatezko eta indartsu baten alde ager daitezen.

STEILAS sindikatuaren iritzi artikulua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago