Urtarrileko bederatzi greba egunen ostean, Aernnovako 82 langile kalean geratu ziren otsailaren 1ean: 14 aurrejubilazio, borondatezko 13 pizgarridun baja eta, azkenik, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen ondorioz, nahitaezko 55 kaleratze.
Orain, EEEaren kontrako bi inpugnazioak aztertuko ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Alde batetik, ELA sindikatuak EEEaren kontra aurkeztutakoa astearte honetan, martxoaren 16an, hastekoa zen, baina bertan behera gelditu da, abokatuetako batek positibo eman duelako. Bestalde, LAB sindikatuak enpresa batzorde osoaren izenean Aernnova enpresa talde osoaren aurka aurkeztutakoa apirilaren 13an iritsiko da; azkenean, bi inpugnazioak data horretan aztertuko dituzte.
Bi inpugnazioak bi areto ezberdinetan aztertuko dira, baina oinarri bera dute: sektore aeronautikoaren krisia pandemiaren ondoriozkoa eta koiunturala dela argudiatu dute; hortaz, sindikatuen arabera, Aernnovak Covid-19arekin lotutako kaleratzeak egiteko debekua urratu du.
Auzitegi bereko aurrekari judizialak direla eta, epaileak ebazten badu Aernnovako EEEa pandemiak eragindako krisi koiunturalarekin lotuta dagoela, espedientea baliogabetzeko aukera dago. Hala ere, enpresaren defentsaren oinarria egiturazko arazoak argudiatzea izango da, EEEa eta kaleratzeak justifikatzeko.
Greba eta mobilizazioak
Horrenbestez, astearte honetan greba deitu du enpresa batzordeak, eta langileek Bilboko epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute 11:30etik 13:00etara. Tubacex eta PCB enpretako langileek bat egin dute mobilizazioarekin, Aernnovako langileei elkartasuna adierazteko.
Horrekin batera, ostegunero lanuzteak egiten jarraitzen dute.
???? Aernnovako EEEa epaitegietara iritsi da gaur ➡️ https://t.co/U2sHnWzeFh
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) March 16, 2021
???? Enpresa batzordeak greba deitu du, eta langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegiaren aurrean. Tubacex eta PCB enpretako langileek bat egin dute mobilizazioarekin.
????️ Bideoa: @SortuAiaraldea pic.twitter.com/7TSICjrmXF