Objektu arkeologikoak "guztion ondasuna" direla zabaltzeko kanpaina

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko mar. 11a, 16:26
Ana del Val, foru diputatua eta Museoen zerbitzuburua, Javier Fernandez Bordegarai. ALEA

Arkeologia ondasunen espoliazioak eragiten duen "kalte larria" ezagutarazteko erakusketa zabaldu dute Bibat museoan eta eskuliburu bat argitaratu du Diputazioak, objektu arkeologikoak ustekabean aurkituz gero zer egin behar den azaltzeko.

Galdutako altxorraren bila. Kalte konponezina gure ondarearentzat erakusketa inauguratu du Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuak Bibat-Arkeologia Museoan, eta Objektu arkeologikoak ustekabean aurkitzea. Zer egin behar dut? izeneko eskuliburua argitaratu du. Asmoa da azken hilabeteetan hainbat udalerritan espoliazioarekin lotuta jazo diren gertakarien inguruan informatzea eta halako jarduerek eragiten duten "kalte larria" nabarmentzea. Halaber, Ana del Val Kultura eta Kirol foru diputatuak azaldu du herritarrak kontzientziatzeko eta inplikatzeko mekanismoak indartzen lagundu nahi dutela, "kultura ondarearen defentsan eta babesean".

Del Valek azaldu duenez, ondare arkeologikoaren kontra urtean salaketa bat jartzetik ia dozena bat salaketara igaro da 2020an, gehienak aztarnategi arkeologikoetan metal detektagailuak erabiltzeagatik. Museoen eta Arkeologiaren zerbitzuburua, Javier Fernandez Bordegaraik bere aldetik nabarmendu du euskal erkidegoan objektu arkeologikoak jabego publikoa direla, "guztion ondasuna da", eta horrenbestez erabat debekatuta dagoela aztarnategiak ez ezik lurraldeko edozein lursail arakatzea metal-detektagailuak erabiliz.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide