Espoliazio arkeologikoaren kontrako beste operazio bat egin du Ertzaintzak Araban

Erredakzioa 2021ko mar. 8a, 12:00
Ertzaintzaren operazioaren irudia. / IREKIA

Ertzaintzak Burdin operazioa burutu du Arabako espoliazio arkeologikoaren kontra. Ustez, garai ezberdinetako metalezko aztarna arkeologikoak espoliatzen zituzten bi pertsona ikertu dituzte, kultura ondarearen aurkako delitu bat leporatuta.

Operazioaren bitartez, Ertzaintzak garai ezberdinetako metalezko aztarna arkeologiko ugari berreskuratu ditu, eta ikertuek aztarna horiek aurkitzeko ustez erabiltzen zuten metal-detektagailu bat atzeman du.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, ikerketaren jatorria 2020ko ekainean dago, hainbat udaletako ordezkari, arkeologo profesionalak, Arabako Foru Aldundia eta Ertzaintza elkartu zituen bilera baten ondoren. Bilera hartan Arabako hainbat aztarnategitan aztarna historikoetan sumatutako kalteen eta lapurreten arazoaz hitz egin zuten. Orduan, Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen aztarnategi batzuetako espoliazio arkeologikoagatik; besteak beste, Iruña-Veleian gertatzen ari zen hori.

Gertaeren konplexutasuna eta larritasuna kontuan hartuta, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak hartu zuen ikerketaren ardura; zehazki, Ingurumenaren eta Hirigintzaren eta Ondarearen ataletako agenteek, kultura ondarearen aurkako delituak ikertzen adituak direlako.

 

Burdin operazioa

2020ko azaroan pertsona batek 112ra deitu zuenean abiarazi zuten Burdin operazioa. Deitu zuen pertsonak salatu zuenez, bi pertsona Iruña-Veleiako aztarnategian kata klandestino bat egiten ari ziren. Salaketa horren ostean, Gasteizko Ertzain-etxeko agenteek susmagarrietako bat identifikatu zuten.

Atal Nagusiak gidatutako ikerketen ondorioz, Gasteizen bizi ziren eta ustez aztarnategi arkeologikoak etengabe espoliatzen zituzten bi pertsona identifikatu ahal izan zituzten; horien artean, Iruña-Veleia, Arkaia eta beste aztarnategi batzuk zeuden.

Bi pertsona horiek metal-detektagailu bat pasatzen zuten intereseko lekuetatik, palak eta aitzurrak erabiliz eta metodologia arkeologikorik jarraitu gabe, kata klandestinoak egin ondoren. "Horrela, aurkitzen zituzten metalezko hondar guztiak hartzen zituzten, ingurune arkeologikoetan kalteak eraginez eta hondarrekin erlazionatutako informazio zientifikoa betiko galtzea eraginez", azaldu du Segurtasun Sailak.

Polizia-operatiboa

Egoera horren aurrean, Ertzaintzako Atal Nagusiak, Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzuaren, Gasteizko Ertzain-etxearen eta Aldundiko Arkeologia Museoaren laguntzarekin, polizia-operatibo bat prestatu zuen. Ondorioz, 2021eko otsailaren 13an bi pertsona horiek ikerketapean jarri zituzten, detektagailua konfiskatu zuten eta metalezko aztarna ugari berreskuratu zituzten: garai ezberdinetako tresnak, erremintak, txanponak, balak eta iltzeak, besteak beste.

Eginbideak eta ebidentziak Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegira bidaliko dituzte, hura arduratzen baita ikerketez, eta atzemandako aztarnak Arabako Arkeologia Museora igorriko dizkiote, peritu-txostena egin dezan eta horien jatorrizko aztarnategiak zein diren zehaztu dezan.

Aurrekaria: 'Ondare' operazioa

Ez da Ertzaintzak ondare arkeologikoa babesteko azken hilabeteetan egindako lehen esku-hartzea. Izan ere, abenduan burututako Ondare operazioa izan da azken honen aurrekaria. Operazio horretan, Agurainen egoitza zuen talde kriminal bat desegin zuen Ertzaintzak, Hego Euskal Herriko haitzuloak eta aztarnategiak etengabe espoliatzea leporatuta.

Operazio hartan, legez kanpoko 20.000 aztarna arkeologiko inguru atzeman zituzten taldeko kideetako baten etxean: besteak beste, litikoak, hezurrak eta zeramika-zatiak.

Kultura Ondarearen Legea

Azken operazioaren berri ematearekin batera, Ertzaintzak gogorarazi du Euskadiko Kultura Ondarearen Legeak debekatu egiten duela Foru Aldundiaren baimenik gabeko edozein esku-hartze arkeologiko, baita aztarnategietan metal-detektagailuak erabiltzea ere.

Era berean, susmo txikiren bat izanez gero, 112 telefono zenbakira deitzeko eta antzeko egoeren berri emateko eskatu dute. Azkenik, gogorarazi du partikular batek aztarna arkeologikoak halabeharrez aurkitzen baditu, ez dituela jaso behar; aurkikuntzaren berri udalari edo aldundiari "berehala" eman behar dio, behar bezala jaso ahal izan dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide