Espolioari aurre egiteko protokoloa adostu dute Lautadan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 16a, 06:00
Entzian aztarnategi ugari daude; horien artean ezagunena Legaireko monumentu multzoa da. PHOT.OK

Asparreneko Udalak ohartarazi du Entzian eta Araiako mendietan ondare arkeologikoa espoliatzen ari direla; protokoloa zehaztu berri dute erasoari aurre egiteko

Protokolo bat ezartzea erabaki dute Lautadako erakundeek eskualdeko ingurune arkeologikoetan eta aztarnategietan gertatzen ari den espoliazioa gelditzeko. Asparreneko Udalak ohartarazi du arazoaren garrantziaz. Izan ere, Entzian eta Araiako mendietan maiz atzematen ari dira baimenik gabe metalen detektagailuekin elementu arkeologikoak bilatzen dituzten norbanakoak eta taldeak."Guztion kulturaren eta ondarearen aurkako eraso handia da elementu arkeologikoen bilaketa, behar bezala baimendutako ikerketa arkeologikoetatik kanpo", esan du Udalak.

Hortaz, aurrera begira, Araiako Udalak berak, Lautadako Kuadrillak, Aguraingo Udalak, Arabako Diputazioak eta Ertzaintzaren Ingurumen sailak eraso hauen inguruko jarraipen zehatzagoa egingo dute, eta ingurune arkeologikoen eta aztarnategien zaintza areagotuko dute. Gainera, ustezko delituren bat atzemanez gero, salaketa aurkeztuko du Arabako Diputazioak.

"Prospekzio arkeologikoetan jasandako erasoen esperientziak jarri dira mahai gainean. Gero eta beharrezkoagoa ikusten da ingurune horien zaintza, eta elemen- tu arkeologiko txikiak bilatzen eta gordetzen dituzten pertsonen, eta internet bidez, horiek saltzeko sareetan parte hartzen duten kolektiboen eta lagunen gaineko ikerketa eta kontrola. Espoliazioa delitu bat da".

Halaber, herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina egingo dute erakundeek, "horrelako jarduerak guztion ondare kulturalaren eta arkeologikoaren eraso larriak direla zabaltzeko".

Lapurreta saiakera Iruraiz Gaunan

Eskualdeko ondarearen kontrako erasoen artean azkena iragan asteartean jazo da. Eguerdiko 12:30 inguruan, Ertzaintzak jakin zuen ustez lapurreta egiten ari zirela Adanako leku bazter batean dagoen Santa Isabel baselizan. Adierazitako lekura hurbildu ziren poliziek auto bat ikusi zuten baselizarako bidean aparkatuta, eta barruan erremintaren bat edo beste eta eskularruak.

Baselizara iritsi zirenean, agenteek ikusi zuten lurretik bi metrora, goiko solairuko balkoian, sarrerako atea bortxatuta zegoela. Barruan hainbat erreminta, hala nola pikotx bat, bihurkin bat eta bidean aparkatuta zegoen autoan ikusitakoen antzeko eskularruak zituen poltsa bat ikusi zuten. Halako batean, agenteek zaratak entzun zituzten beheko solairuan, eta eskailerak jaitsi zituztenean hiru pertsona aurkitu zituzten ezkutatuta. Ertzainek hiru pertsona horiek atxilotu zituzten, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.   

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide