Sorgin eta akelarreen mitoetatik harago, dokumentu eta lekukotasunak oinarri hartuta, Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat dakar Asisko Urmeneta ilustratzaileak Sugarren mende liburu ilustratuan. Inkisizioa, espioi sareak, sorgin-ehiza, torturak, Zugarramurdiko herritarrak… Besteak beste, osagai horiek ditu liburuak, ostegun honetan Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztuko duena –18:30ean–. Aurretik Alea FM saioan izan da.
Mitoren bat eroriko da liburu honekin?
Agian bai, eta erortzen baldin bada, hobeki. Duela gutxi Idoia Arrieta historialariak esaten zuen historiaren kontrako faktore nagusi direla ahanztura eta mitoa. Memoria historikoa indartzeko mitologiarik ez dugu behar, positibismo zientifikoa bai; historiak zer dioen eta hori interpretatzeko tresnak eduki esku artean.
Leon Aranibar abadea eta Pierre de Lancre jurista dira haria kontakizun honetan, ezta?
Bai hori da, hain zuzen, eman nahi izan diogun ikuspegia. Orain arte gaia aztertzeko beti aztertu izan da lehenengo euskaldun haiek zer egiten zuten; mandragorarik hartzen ote zuten, drogatzen ote ziren, txortan aritu... nik argia eman nahi izan dut besteari: zer ari ote ziren inkisidore espainol horiek eta epaile frantsez horiek elkar ongi koordinatuta hemengo jendearen kontra. Anomalia ez da euskaldunak elkartzen zirela, baizik eta kanpoko sistema arrotz hori nola muntatu izan zen gizarte oso bat suntsitzeko.
Liburuan aipatzen duzu Inkisizioa ez zuela soilik irudikatzen den herri xeheak pairatu. Tartean, erantzukizunak zituzten kideak ere eraman zituzten, eta horrek inpaktu handiagoa eragin omen zuen.
Munduan barrena Espainiako Inkisizioak 21 tribunal zeuzkan, Sizilian hasi eta Filipinetan bukatu. Tribunal politiko eta poliziala izan da, erditik
elite bat kentzeko, lidergo sozial, politiko eta ekonomiko bat... eta, horrekin batera, herri guztia: epaileak, armadoreak, apezak eta gizarte oso bat.
Agerian da liburuan ondorengoek pairatutako beldur itogarria, urteak iraun zuena.
Kuriosoa da irakurtzea Inkisizioaren paperetan zer obsesio daukaten euskaldunen batzarren kontra, erabakitzeko molde horren kontra. Parte hartzeko modu demokratiko hori bukatu behar zen, disziplinatu egin behar zen jendea, autoritarismo integrista baten barnean jendea sarrarazi, eta, beraz, 400 urtez batzarrean parte hartzen zuenak ez zuen horren manera libre eta xaloan parte hartzen, jakin eta norbaitek salatzen ahal zuela. Lehena izan zen sorgin-ehiza, baina hurrengo mendeetan ziren librepentsalariak, masoiak, independentistak... Beti bide ortodoxotik ateratzen zena eta libreki pentsatu nahi zuena, eta, bistan dena, disidentzia politiko oso bat zuten helburu.
"Kuriosoa da nolako obsesioa zuten euskaldunek egiten zituzten batzarren kontra"
Liburu amaieran badira 80 bat izen. Baina benetan ba al dakigu zein izan zen sarekada guztien tamaina?
Ez, urrundik ere. Orain bigarren edizioa prestatzen ari gara, eta horretan sartzen ari gara hilabete hauetan kontatu edo deskubritu dizkiguten beste izen batzuk eta ezagutzen ez genituenak. Badakigu sekula ez garela iritsiko kontatzera bere osotasunean Aezkoa, Erroibar eta beste eskualde batzuetan izan ziren lehen sarekada handi horiek; seguraski ehunka lagun atxilotu, galdekatu, torturatu eta hil zituzten, baina paperak erre egin zituzten. Kondenatuari gehitzen zaion zigor bat hori baita, damnatio memoriae, hain zuzen ere, arrasto guztia desagerraraztea, gorputza, paperak eta dena. Beraz, sekula ez gara iritsiko ezta susmatzera ere. Ezta horrek utzi zuen inpaktu psikologikoa ere. Lekukotasun batzuetan agertzen da, eta Jimmy Jazzen aipatuko ditugu batzuk; Arabako herritar batzuek bere buruaz beste egin zuten torturapean auzokideak salatu zituztelako, eta, gezurra zela esan nahi izan zuten arren, ez zietelako atzera egiten utzi.
Dokumentazio lana nolakoa izan da? Nora jo duzu?
Nik ez dut aurkitu inork ezagutzen ez zuen eskuizkriburik edo inkunablerik; orain salgai dauden liburuetara jo dut. Dena publikatuta dago. Beharbada Mexikon egiten ahal dute iraganari buruzko irakurketa kritiko bat boteretik, eta guk ezin dugu botererik ez dugulako; beraz, konfeti moduko gauza solte batzuk iristen zaizkigu eta saiatzen gara harilkatzen. Eta nik, hain zuzen ere, hori egin dut; nire ustez modu koherente batez, datu eta pertsonaia horiek hartu eta bere testuinguruan kokatu.
Liburuarekin batera, sorgin-ehizaren inguruko memorial bat ere prestatzen ari zara.
Bai, Zugarramurditik sustatzen ari dira eztabaida zintzo bat gaiaren inguruan Euskal Herrian barrena. Kontzeptuen inguruan, esaterako, badakigu inkisidore espainolek asmatu zutela "akelarre" hitza bera 1610ean, edo errebeldia marka bezala aldarrikatzen ari garen "sorgin" kontzeptua bera... Eztabaida historiko bat behar da, baina baita sinbolikoa ere; inauteriak, mitologia... goazen jorratzera ildo hori, baina gure ikuspegitik, eta ez LogroÒoko palazio inkisitorialetik edo Bordeleko tribunaletik egin zutena. Gero eta jende gehiago batzen ari da lan horretara.