Errigora, Arabako etxeetara itzultzeko prest

Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 14:15

Errigorako familia argazkia. / ERRIGORA.eus

Pandemiak oztopo ugari eragin dituen arren, Errigora egitasmoaren ikasturteko bigarren kanpaina ate joka dago. Nafar hegoaldeko uzta Arabako etxeetara iritsiko da berriz ere, eta martxoaren 4an irekiko da eskaerak egiteko epea.

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura banatu eta urrats sendoak ematen ari da Errigora, elikadura burujabetza ardatz, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko zubia auzolanean oinarrituta eraikitzeko.

Ildo horretan, kanpaina honen izenburua Plateretik baratzera izango da. Izan ere, "harago" joan nahi dute oraingoan: "Errigorak ekoizleentzat suposatzen duen bultzada baliatuz, kontsumitzaileek eta beren eskaerek ekoizpenean izan dezaketen eragina bideratu nahi dugu, eskaerei erantzun ahal diezaiegun", azaldu dute.

Halaber, ekoizpen ekologikoari bultzada ematen jarraituko dute, Nafar hegoaldeko baratzetako produktuak modu horretara ekoitziak izan daitezen bermatuz.

Nola egin eskaera?

Oraingoan, olioa bost litroko bidoietan banatuko dute, eta kontserbak hamabi ontziko sortetan; planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta.

Eskaerak egiteko epea martxoaren 4tik 24ra izango da, eta aurten online besterik ezingo da egin, stock arazoak izango dituztela aurreikusi dutelako. Ordainketa behin edo bi txandatan egin ahal izango da, eta banaketa, Gasteizen, apirilaren 24ko asteburuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago