Patricia Lopez Arnaiz eta 'Baby' filmaren soinu banda, Feroz Sarietan garaile

Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 22:29
Patricia Lopez Arnaiz, emakumezko aktore onenaren Feroz saria jasotzen. / @PremiosFeroz

Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak emakumezko aktore protagonista onenaren Feroz Saria irabazi du Ane filmagatik. Gainera, Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte ere saritu dituzte, Baby filmaren soinu bandagatik.

Urtarrilean Forque saria irabazi ostean, Patricia Lopez Arnaizek (Gasteiz, 1981) Feroz saria irabazi du. Orain, larunbatean ospatzekoak diren Goya sarietan emakumezko aktore onenaren saria lortzeko kiniela guztietan dago, Ane pelikulan egindako paper indartsuagatik.

Bestalde, Koldo Uriartek (Araia, 1976) eta Bingen Mendizabalek (Gasteiz, 1962) irabazi dute jatorrizko musika onenaren saria, Juanma Bajo Ulloaren Baby pelikularen soinu-bandagatik.

Ane filmak izendapen gehiago zituen Feroz Sarietarako: gidoi onenaren saria eta pelikula dramatiko onenaren saria. Baina azkenean ez ditu lortu.

Goya Sariak, larunbatean

Arabako zinemagintzak zazpi izendapen ditu martxoaren 6an telematikoki ospatuko diren Goya Sarietarako:

  • Ane filmak bost hautagaitza ditu:
    • Film onena: Amania Films.
    • Gidoi egokitu onena: David Perez Sañudo eta Marina Pares.
    • Zuzendari nobel onena: David Perez Sañudo.
    • Emakumezko aktore onena: Patricia Lopez Arnaiz.
    • Emakumezko errebelazio aktore onena: Jone Laspiur.
  • Baby filmak bi hautagaitza ditu:
    • Zuzendari onena: Juanma Bajo Ulloa.
    • Jatorrizko musika onena: Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte.

Bi film nagusi horiez gain, Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kide Olatz Alonso gasteiztarra dokumental onenaren kategorian lehiatuko den Solo son peces dokumentalean ekoizle gisa aritu da. Ana Sernak eta Paula Iglesiasek zuzendutako dokumental labur horrek saharar errefuxiatuen kanpamenduetan arrain-haztegi batean lan egiten duten hiru biologoen istorioa kontatzen du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide