Asteazken honetan Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentro publikoetako Haur Hezkuntzako, Heziketa Bereziko eta jangeletako langileen txertaketa ostiralean hasiko da, arratsaldez. Lehenengo fase honetan, soilik kolektibo horiei eragingo die neurriak.
Txertaketa prozesuaren garapena txertoen horniduraren araberakoa izango dela azpimarratu du Sagarduik.
Lehen talde horren ostean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei emango zaie txertoa. Hurrengo faseetan zehar, 55 urtetik beherako 12.000 langile inguruk jasoko dute Astra Zenecaren txertoa; hezkuntza publikoan, itunpekoan eta pribatuan. Eta, ondoren, 55 urtetik gorako langileentzako txerto egokia bilatu beharko du Osakidetzak.
Mutualia aseguru-etxea arduratuko da irakasleei txertoak jartzeaz, EAEn dituen hamasei lokaletan; ostegunetik hasiko da hitzorduak zehazten. Osakidetzak formakuntza emango die enpresa horretako profesionalei, prozesua aurrera eramateko.
90 urtetik gorako pertsonak
Adin tartearen araberako txertaketa prozesuari dagokionez, asteazken honetan hasi da 100 urtetik gorako pertsonen txertaketa EAEn. 1.800 pertsona inguruk osatzen dute kolektibo hori, eta hurrengoak 90 urte baino gehiago dituzten 39.000 herritarrak izango dira; oraingoz, datarik ez da zehaztu.
Adineko pertsonek Pfizerren txertoa jasoko dute, eta prozesua goitik behera izango da, urtez urte, 99 urteko pertsonetatik hasita. Hala ere, prozesu horrek zailtasun ugari izango ditu: EAEn 80 urtetik gorako 162.000 pertsona inguru daude, eta 324.000 dosi behar dira kolektiboa osorik immunizatzeko.
Ideia bat egiteko, orain arte 195.560 dosi baino ez dira iritsi EAEra: Pfizerren 149.760, Modernaren 7.900, eta Astra Zenecaren 37.900.
Anbulantzietako langileak
Sagarduik iragarri duenez, sektore pribatuko 5.000 osasun langilek Pfizerren, Modernaren eta Astra Zenecaren txertoa jasoko dute: %16,5ak lehenengo dosia jaso du jada. Sailburuaren arabera, azpikontratatutako enpresek ere anbulantzietako 1.400 langileei txertoa jartzeko dosiak jaso dituzte.
Horiekin batera, 55 urtetik beherako farmazietako langileen txertaketa datorren astean hasiko da. Kolektibo hori 4.400 pertsona inguruk osatzen dute, eta Astra Zenecaren txertoa jasoko dute.
Bestalde, 55 urtetik beherako 4.700 ertzainen %38,5ak Astra Zenecaren lehen dosia jaso du jada. Azkenik, egun hauetan ere, 3.000 udaltzainek, 2.800 Espainiako polizia eta guardia zibilek, 1.200 suhiltzailek eta 600 espetxe funtzionariok jasoko dute lehen dosia.