Zazpi sindikatuek salatu egin dute, txertaketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak "jokabide iraingarri eta umiliagarria" izan duela azpikontratetan diharduten osasun garraioko langileekiko. Osasun Sailari eskatu diote "errespetuz jokatu eta berdintasunezko tratua eman diezaiola" kolektiboari.
Izan ere, Covid-19aren aurkako lehen lerroan aritu arren, ez dute txertorik jaso oraindik. Bizi-Euskarri Aurreratuko, Oinarrizko Bizi-Euskarriko eta Garraio Programatuko anbulantziek egunero pertsona asko mugitzen dituzte Covid-19a dela eta; "sarri baldintza eskasetan eta kutsatzeko arrisku handiz", azaldu dute.
Gainera, salatu dutenez, anbulantzietako langile azpikontratatuak "abandonatuta eta baztertuta geratzea" ohikoa da azken urteetan. "Osakidetzako plantillako langileek, anbulantzietakoek barne, dagoeneko hartu dute txertoa; haatik, azpikontratatutako anbulantzietako langile gehienei (%99) ez zaie eman", kritikatu dute. Noiz jasoko duten ere ez dakite.
EAEn 1.5000 profesional inguruk osatutako kolektiboa "babesik gabe" dagoela eta hori anbulantzia zerbitzua azpikontratatzeko politikaren ondorio dela salatu dute sindikatuek: "Osakidetzaren ikusmoldean, bigarren edo hirugarren mailako langileak dira", deitoratu dute.
Martxoaren 5ean greba
Sektoreko sindikatuek Eusko Jaurlaritzaraino eraman dute protesta astearte honetan. Bertan, azpikontratatutako teknikari sanitarioei txertoa "lehenbailehen" ematea exijitu dute, administrazioaren jokabidea onartuko ez dutela ohartaraziz. Egoera aldatu ezean, grebara joko dute martxoaren 5ean.