Koronabirusa

100 urtetik gorako pertsonen txertaketa abiatu du Osakidetzak

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 10:26

91 urteko Consuelo Landak jaso zuen Arabako lehen txertoa, Ajuria egoitzan. / IREKIA

Osakidetzak Covid-19aren aurkako txertaketa hasi du adineko pertsonen kolektiboan. Momentuz, 100 urtetik gorako 1.800 pertsona deituta daude aste honetan, 25 txertaketa-guneetako batean txertoa jasotzeko.

Covid-19aren aurkako txertaketa prozesuak jarraitzen du, eta dagoeneko 113.000 dosi eman dira EAEn. Egoitzetako kolektiboaren immunizazioa burutu ostean, txertaketa aurrera doa Osakidetzako zein sare pribatuko osasun langileen eta eguneko zentro batzuetako profesionalen artean. Espainiako Gobernuaren protokoloak aurreikusten ez zuen arren, 55 urtetik beherako ertzainen txertaketa ere hasi zen joan den astean.

Aste honetan, berriz, Osakidetza adineko pertsonak txertatzen hasiko da. 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa oso zabala da: adin tarte horretako 160.000 lagun baino gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatuko du Osasun Sailak, eta zaharrenetatik hasiko da: 100 urtetik gorako pertsonetatik, zehazki; 1.800 pertsona inguru daude adin tarte horretan.

25 txertaketa-gune

Ostiraletik hona, Osakidetza telefonoz jarri da harremanetan 100 urtetik gorako pertsona horiekin, osasun-zentroen bidez, hitzordua planifikatzeko. Erreferentziazko txertaketa-puntuak ezarri dira, eta asmoa da Erakunde Sanitario Integratu bakoitzeko bi puntu egotea, momentuz. Gutxienez 25 txertaketa-gune izango lirateke EAE osoan, Osakidetzaren sareko osasun-zentroetan.

Hitzordua jaso ondoren, ahal duten pertsonak txertaketa-gune horietara hurbilduko dira eta han jarriko zaie txertoa. Hala ere, zailtasunak dituzten edo ezin duten pertsonen kasuan, Osakidetza haien etxera hurbilduko da. "Ahal dela, txertaketa-guneetako aurrez aurreko txertaketa kudeatuko da, dosiak manipulatzea delikatua delako eta ezin delako bat bera ere alferrik galdu", azaldu du Osasun Sailak.

Sentsibilizazio kanpaina

Txertatu zaitez – Babestu nazazu lelopean, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak, eta ideia hau helarazi nahi du: "Zeure burua babesten baduzu, besteak babesten ari zara, eta alderantziz". Halaber, Osasun Sailak prebentzio-neurriekin jarraitzeko beharra azpimarratu du; besteak beste, maskararekin babesten jarraitzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago