Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, hartutako neurriek beti izan dute oinarri zientifikoa eta birusaren hedapena geldiarazteko helburua. "Guztiak osasun-gomendioetan oinarrituta daude", esan du. Helburua 60 eta 300 arteko tasa lortzea da, eta bigarren etapa batean 60 baino gutxiago izatea; hori dela eta, Bizi Berri plan berri bat adostu dute, erreferentziazko agertokien panela eguneratuz. Hiru irizpide daude: "Garapen jasangarria bermatzeko bizitzeko modu berri bat behar da, ekonomiarekin eta birusarekin jasangarria". Urkulluk gogorarazi du ere konfinamendura itzultzea saihesten ari dela: "Koma ekonomikoa eta osasun kolapsoa saihestea lortzen ari gara".
Bizi Berri III plan horren barruan, egungo udal-konfinamendua mantendu egiten da, baina mugakide diren udalerriek jarduera sozioekonomikoak eta kirol-jarduerak egin ahal izango dituzte, eta hobeto definitzen da zer kasutan egongo den baimenduta mugikortasuna kirolarientzat. Astelehenean sartuko da indarrean eta 20 egun barru berrikusiko dute, martxoaren 5ean hain zuzen.
Errekurtsorik ez
Halaber, LABIren Aholku Batzordearen bileraren ostean, Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak ez duela errekurrituko EAEko Auzitegi Nagusiak tabernen itxieraren inguruan hartu duen erabakia. "Eusko Jaurlaritzak autoa errespetatzen du, baina ez du ulertzen eta ez du bat egiten". Era berean, epaileen erabakiaren inguruan "desadostasuna" eta "harridura" agertu ditu lehendakariak. Urkulluk azaldu duenez, erakundeen ildoek eta nazioarteko praktikak hartutako neurriak babesten dituzte. "Pandemia honetan ez dago errudunik, erantzukizuna norberarena da, eta Eusko Jaurlaritzak eta erakunde guztiek pertsonen osasuna bermatzeko neurriak hartzen jarraituko dugu".