Pilar Unzalu sailburu ohi sozialista hil da

Erredakzioa 2021ko ots. 15a, 11:30

Pilar Unzalu (Iturrieta, 1957). / IREKIA

Asteburu honetan zendu da Pilar Unzalu, 2009tik 2012ra bitartean Patxi Lopezen gobernuko sailburu izandakoa. Arabako PSEko kide gisa, hiru hamarkadaz aritu zen maila guztietako erakundeetan.

EAJko kide historiko eta Arabako ahaldun nagusi ohi Xabier Agirre zendu den asteburu berean iritsi da Pilar Unzalu (Iturrieta, 1957) sozialista arabarraren heriotza, 63 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Unzaluk ia erakunde guztietan hartu zuen parte, tokikotik estatu mailakoetara. Patxi Lopezek gogorarazi du "aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta ingurumenaren babesean konprometitutako sozialista" izan dela. "Berarekin, sozialisten abenturarik handienean parte hartu ahal izan nuen: askatasuna lortu eta Euskadi modernitaterantz bideratu", gogoratu du Idoia Mendia PSEko buruak.

Hiru hamarkadako ibilbidea

Arabako PSE-EEko kidea Zuzenbidean lizentziatua eta Erizaintzan diplomatua zen. 1985 eta 1989 urteen artean, Etika eta Legegintza irakasle izan zen Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan. Geroago, 1995 eta 1997 artean, Arabako Foru Aldundian aritu zen, Hirigintza, Arkitektura eta Ingurumen zuzendari gisa.

Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea ere izan zen, eta Fernando Buesa ordezkatu zuen Eusko Legebiltzarrean, 2000. urtean ETAk hil zuenean. Bertan, legebiltzarkide izan zen VI. eta VII. legegintzaldietan, 2004. urtera arte.

Ondoren, Arabako diputatua izan zen Espainiako Kongresuko talde sozialistan, harik eta Patxi Lopezek 2009ko hauteskundeetatik eratu beharreko Eusko Jaurlaritzako kide izateko eskatu zuen arte. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu izan zen, 2009ko maiatzetik 2012ko abendura bitartean. Besteak beste, Alakrana atunontziaren bahiketa kudeatu behar izan zuen bere kargutik.

Eusko Jaurlaritzan emandako legegintzaldiaren ostean, Aldundiko funtzionario lanpostura itzuli zen; eta bertan hartu zuen erretiroa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago