EAJk larunbat honetan baieztatu du Xabier Agirreren (Gasteiz, 1951) heriotza. 1990etik eta 1999ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea izan zen, Juan Maria Atutxa Herrizaingo sailburuaren agindupean. 2007tik 2011ra Arabako ahaldun nagusia izan zen. Gainera, Araba Buru Batzarreko presidentea izan da, bi aldiz; 1983tik 1987ra eta 2012tik 2016ra.
"Arabako Lurralde Historikoko diputatu nagusia izan zen krisi ekonomiko sakon batek markatutako urte korapilatsuetan, eta krisi horren erdian Araba eta Euskadi aurrera ateratzen laguntzeko ahaleginak batzeko gai izan zen", adierazi du Aldundiak, premiazko ohar batean. "Bere ibilbide politiko luzean zehar, Arabako ahaldun nagusi ohi Xabier Agirrek beti erakutsi zuen arabar lurraldearekiko, Euskadirekiko eta balio demokratikoekiko konpromisoa".
Arabako egungo ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek "tristura handia" agertu du Xabier Aguirreren heriotzagatik, eta ahaldun nagusi ohiarekin zuen "harreman estua" azpimarratu nahi izan du. "Xabierren pertsonan, bere ibilbide osoa markatu duten eta Araba, izugarri maite zuen lurraldea, gobernatzeko gidari izan zituen printzipio etiko sakonak nabarmentzen ditut batez ere. Balio etiko horiek, gaztetatik gure lurraldearen eta gure herriaren alde konprometitzera eta bizitza osoa hari eskaintzera eraman zutenak izan ziren".
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi ohiaren omenez, Foru Jauregiko banderak haga erdian jarriko dituzte.
Xabier Agirre zendu da, Arabako abertzaletasunaren ordezkari historikoa eta euskal politikaren erreferente etikoa. Goian bego.
— EAJ-PNV (@eajpnv) February 13, 2021
Ha fallecido Xabier Agirre, dirigente histórico del nacionalismo alavés y referente ético de la política vasca. Descanse en paz. pic.twitter.com/N1S2hwrgLH