Koronabirusa

Arabako bederatzi udalerri atera dira eremu gorritik

Erredakzioa 2021ko ots. 11a, 14:00

Laudio eta beste zortzi udalerri arabarretara itzuliko da eskola kirola. / AIARALDEA

Arabako intzidentzia tasa 539ra jaitsi da, eta bederatzi udalerri arabar atera dira eremu gorritik: Laudio, Asparrena, Berantevilla, Bastida, Donemiliaga, Ekora, Erriberabeitia, Oion eta Zuia. Eskola kirolari berrekin ahal izango diote.

Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: une honetan 539koa da, eta azken 24 orduetan 100 positibo berri atzeman dira lurraldean. Kasu horietako 76 Gasteizen atzeman dira, eta hiriburuko intzidentzia tasa metatua 554koa da une honetan —laster jaitsiko da 500etik. Beheranzko joera, beraz, lurralde osoan zabaltzen ari da.

Gainera, eremu gorritik atera diren bederatzi udalerrien artean, Laudio dago: intzidentzia tasa metatua 441era jaitsi da, eta azken 24 orduetan soilik bost positibo berri atzeman dira.

Arabako zazpi udalerri eremu gorrian

Otsailaren 13ra arte behintzat, Arabako udalerri guztietan konfinamendu perimetrala ezarri da eta topaketak lau pertsona artekoak izan beharko dira. Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza irekitzea baimendu ostean, eremu gorrian dauden udalerrien murrizketa nagusia eskola kirola eteteko agindua da. Dena den, ostiral honetan LABIren bilera egingo da, indarrean dauden neurri murriztaileak eguneratzeko.

Ostegun honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: udalerri bakar bat ere ez da eremu gorrian sartu, baina Laudio, Asparrena, Berantevilla, Bastida, Donemiliaga, Ekora, Erriberabeitia, Oion eta Zuia eremu gorritik atera dira, azken egunetako egoeraren bilakaera ona izan delako. Bederatzi udalerri horiek, beraz, eskola kirola berriro martxan jartzeko aukera izango dute; gainera, gehienetan 500 kasuen azpitik dago intzidentzia tasa.

Horrenbestez, Arabako zazpi udalerritan eskola kirola etenda mantenduko da, ostiraletik asteartera behintzat. Honako hauek dira une honetan eremu gorrian dauden udalerri arabarrak, intzidentzia tasa altua dela eta:

  • Agurain (5.038 biztanle): 541,75
  • Gasteiz (253.996 biztanle): 554,24
  • Aramaio: 3.378,38
  • Guardia: 2.086,05
  • Iruraiz-Gauna: 915,75
  • Moreda: 1.486,99
  • Urkabustaiz: 1.172,41

Bitartean, 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, intzidentzia tasa metatua soilik hiru udalerritan da 500etik gorakoa; hortaz, lurraldeko egoera orokorrak hobetzen jarraitzen du:

  • Armiñon: 1.345,29
  • Berantevilla: 1.202,40
  • Donemiliaga: 826,45
  • Ekora: 3.370,79
  • Kripan: 1.639,34
  • Urizaharra: 694,44
  • Zalduondo: 1.015,23
  • Zanbrana: 672,65
  • Zuia: 846,74

 

Testak eta ospitaleak

EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 13.820 test diagnostiko egin ziren; horietatik 684 positiboak izan ziren (%4,9). Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,83koa da, bai EAEn eta baita Araban ere; hortaz, kutsatzeen hazkundea moteltzen ari da.

Ospitaleen egoerari dagokionez ere, egoera hobetuz doa. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 70 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 512 lagun daude Osakidetzako solairuetan; horietako 75 Arabako ospitaleetan.
  • 167 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik; horietako 21 Arabako ospitaleetan.
  • Guztira, 679 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago