Ostalaritza berrirekitzea baimenduta dago eremu gorrian dauden udalerrietan

Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 13:15

Eremu gorrian dauden udalerrietako tabernak eta jatetxeak ireki ahal izango dira. / ALEA

Ostalaritza elkarteek aurkeztutako helegitea onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta, ondorioz, tabernak eta jatetxeak irekitzea baimenduta dago dagoeneko, baita eremu gorrian dauden udalerrietan ere.

Joan den astean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteek helegitea aurkeztu zuten, Covid-19aren eragin handiena duten eta eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko aginduaren aurka.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia astearte honetako 9:30ean bildu da. Ondoren, 13:15ak aldera, ostalaritzaren itxieraren inguruko epaiaren berri eman du, alegazioak baztertuz. Administrazioarekiko auzien aretoak emandako kautelazko neurria da, eta, beraz, Jaurlaritzak helegitea jartzeko aukera du orain, asteleheneko 12:00ak arte; hurrengo egunean, hilaren 9an, 9:30ean, kautelazko neurria eztabaidatzeko berriro bilduko da epaimahaia.

"Ez dago argi Gabonen osteko birusaren intzidentzia handiak ostalaritza establezimenduak irekitzearekin lotuta dagoenik", ondorioztatu dute Luis Angel Garrido aretoko presidenteak eta Maria Josefa Artaza eta Jose Antonio Gonzalez epaileek, ebatzitako autoan. "Une honetan, aipatutako baldintzetan, ostalaritza jardueraren irekiera ez da osasun publikorako arrisku larriko elementua", gaineratu dute.

Auzitegiaren erabakiak eragin zuzena du une honetan eremu gorrian dauden Arabako hamasei udalerrietan: Agurain, Laudio, Gasteiz, Aramaio, Asparrena, Bastida, Berantevilla, Donemiliaga, Ekora, Erriberabeitia, Guardia, Iruraiz-Gauna, Moreda, Oion, Urkabustaiz eta Zuia.

Baldintzak

Ostalaritza ireki daiteke eremu gorrian dauden udalerrietan, baina indarrean dauden baldintzetan izan beharko da; betiere lau pertsona arteko taldeetan:

  • Tabernak eta jatetxeak 20:00etan itxi beharko dira.
  • Jasotzeko zerbitzua 21:00ak arte entregatu ahal izango da.
  • Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.
  • Ezin izango da 6:00ak baino lehen ireki.
  • Barran kontsumitzea debekatuta dago.
  • Bakarrik mahaietan kontsumitu ahal izango da.
  • Zerbitzua aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango da.
  • Barruko edukiera %50era mugatuta.
  • Mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia ziurtatu beharko da.

Gainera, indarrean dauden neurri murriztaileak ostiralean eguneratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, bereziki, ostalaritzaren inguruan ezarritako neurriak berrikusi beharko ditu, Auzitegi Nagusiaren erabakiaren ostean.

Bi ikuspegi kontrajarriak

Bere alegazioaren idazkian, Eusko Jaurlaritzak adierazi du "espazio itxi eta gutxi aireztatuetan areagotu egiten dela kutsatzeko arriskua" eta "ostalaritzako lokaletan hedatzeko are erraztasun gehiago aurkitzen dituela birusak". Hori dela eta, ez du arrazoirik ikusten murrizketak arintzeko, pandemiaren egoera oraindik ere "larria" delako.

Ostalaritza elkarteek, ordea, sektoreak "egoera oso zaila" bizi duela ohartarazi dute: lokalen %80tik gora itxita daude une honetan; horietako asko "modu iraunkorrean", pandemia hasi zenetik. Beraz, itxiera luzatuz gero, ondorioak "suntsigarriak" izan daitezkeela diote, "laguntzak iristen ez direlako edo nahikoak ez direlako". Hirugarren olatuaren jatorria Gabonetako neurriak direla uste dute, eta ez ostalaritzaren ondorio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago