Eliseo Gilek helegitea aurkeztuko du Iruña-Veleia auziko epaiaren aurka

Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 09:51

Epaileak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Eliseo Gili. / ALEA

Arabako Auzitegiak Iruña-Veleia auziko epaia berretsi ostean, bere "errugabetasuna aldarrikatzeko borondate irmoa" adierazi eta eskura dituen "instantzia eta aukera guztietara" errekurrituko duela iragarri du Eliseo Gil arkeologoak.

Urtarrilaren 28an, Arabako Auzitegiak berretsi egin zuen Iruña-Veleiako auziko epaia. Epaileak Eliseo Gil arkeologoak eta Ruben Cerdanek epaiaren aurka jarritako helegiteak atzera bota zituen eta iruzurra frogatutzat eman zuen. Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Eliseo Gili, eta urtebete eta hiru hilabetekoa Ruben Cerdani; horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari 36 euroko kalte-ordaina eman beharko diete hondatutako pieza bakoitzeko.

Astelehen honetan plazaratutako ohar baten bitartez, bere izenean eta Lurmen S.L. enpresaren ordezkari gisa, Eliseo Gil Zubillagak jakinarazi du errekurritu egingo duela Arabako Lurralde Auzitegiaren epaia.

"Iruña-Veleiako aurkikuntza eztabaidatuen kasuan, guztiz konbentzitua nago zientzia dela gatazka delikatu eta mingarri hau konpontzeko bide bakarra", adierazi du arkeologoak. Bestalde, "batere errurik izan gabe" auziaren alderdi judizialean murgilduta aurkitzen dela dio, eta bere "errugabetasuna aldarrikatzeko borondate irmoa" azaldu du.

Horretarako, "eskura dauden instantzia eta aukera guztietara" errekurrituko duela jakinarazi du Eliseo Gilek. Era berean, berarengan sinesten duten "pertsona guztien laguntza eta babesa" eskertu nahi izan du: "Benetako akuilua da historia negargarri honetan aurrera egiteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide