Momentuz, kaleratzeak Sevillako eta Gasteizko lantegietan eman dira Alestiseko kaleratzeak. Urtarrilaren 28an, Alestis Aerospace enpresaren EEEa inpugnatzeko epaiketa egin zen Auzitegi Nazionalean. Horren aurrean, Gasteizko gehiengo sindikala ordezkatzen duten CGT, ELA eta LAB sindikatuek langile guztiak berronartzea eskatzeko ohar bateratu bat plazaratu dute, Andaluziako SAT sindikatuarekin batera.
Lau sindikatuek kaleratutako "langile guztiak berronartzea" eskatu dute, eta, ohartarazi dutenez, Auzitegi Nazionalaren erabakia aldekoa ez bada, "bidegabetzat eta diskriminatzailetzat" jotzen dituzten "ekintza guztiak errekurritzen eta publiko egiten" jarraituko dute.
Diskriminazioa
Azaldu dutenez, Lan Ikuskaritzaren arabera, Gasteizen genero diskriminazio zantzuak daude, kaleratutakoen %64 emakumeak zirelako.
Halaber, Gasteiz eta Sevillako kasuei dagokienez, Ikuskaritzak iritzi zion "diskriminazioa dagoela taldeko beste lantegi batzuen aldean". Izan ere, negoziazioaren hasieran planteatutako kaleratzeen %90 inguru gauzatu ziren, gainerako plantetan, berriz, %50era baino iritsi ez diren bitartean.
Gainera, Sevillako lantegiaren kasuan, kaleratzeek soilik SAT sindikatura afiliatutako langileei eragin zieten. Kaleratzeen aurkako mobilizazioetan ia urtebete eman ondoren, berriro onartu behar izan zituzten, Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak 2020ko abuztuan emandako epai baten ondorioz. Aldi baterako hainbat enplegu erregulazioko espedienteren (ABLEE) ostean, langile horiek enplegu erregulazioko espedientean (EEE) sartu zituzten.
CCOO eta UGT, "enpresaren eskutik"
"Jakina, patronalaren (Alestis-Aciturri), CCOO-UGTren eta SEPIren (botere politikoa) arteko batasunak gauzak zail jarri ditu, 374 lanpostu suntsitzen dituen akordioa onartuta", kritikatu dute lau sindikatu sinatzaileek.
CGT, ELA, LAB eta SAT sindikatuen ustez, "garrantzitsua da iritzi publikoak jakitea CCOOk eta UGTk zer ordezkatzen duten Alestisen: Auzitegi Nazionalean, EEEaren 150 kaleratzeak defendatu zituzten, enpresarekin adostutako 374 lanpostuak galtzearekin batera".
Azaldu dutenez, estatu mailan Gasteizen baino ordezkaritza zabalagoa duten bi sindikatuek "ordezkari sindikalak eta aholkulariak eraman zituzten lekuko gisa, kaleratzeak berresteko eta lankideen alde borrokan ari diren sindikatuei eta langileei aurre egiteko; oso larria da, eta langile klaseak ezin du ahaztu", ohartarazi dute sindikatu sinatzaileek.
SEPIren jarrera ere "sumingarria" iruditzen zaie, administrazio kontseiluan gutxiengoa izan arren, kaleratzeen aldeko botoa eman zuelako: "Alde batetik, Gobernu 'aurrerakoi' honek Covid-19tik eratorritako krisia ABLEEen bidez arintzeko mekanismoak jartzen ditu mahai gainean; eta, bestetik, %24 kontrolatzen duen enpresa batean kontrako jarrera du, kaleratzeei baiezkoa emanez", deitoratu dute.
Sindikatuek krisia "koiunturala" dela azpimarratu dute. Izan ere, Alestisen bezero nagusia den Airbusen eskaerak ez dira bertan behera utzi, "gelditu besterik ez dira egin". Azaldu dutenez, multinazionalak 7.500 hegazkineko eskaera zorroa du.