Alestiseko langileak Auzitegi Nazionalaren aurrean mobilizatu dira EEEaren aurka

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 12:00

Alestisek Gasteizen duen fabrikako langileek elkarretaratzea egin dute Auzitegi Nazionalaren aurrean, talde bereko beste lantegietako kideekin batera, enpresak estatu mailan ezarritako lan erregulazioko espedientearen inpugnazioaren epaiketa dela eta.

Konpainiak estatu mailan ezarritako EEEaren aurkako inpugnazioaren epaiketa ostegun honetan izan da Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Epaitegiaren aurrean mobilizatu dira Alestis taldeko estatu osoko langileak; horien artean, Arabako hainbat lagun. Espainiako Kongresuan EH Bilduko ordezkari Bel Pozueta langileei elkartasuna adieraztera hurbildu da.

Arabako fabrikaren kasuan, lan erregulazioko espedienteak 77 pertsonari eragin die, abuztuan zeuden 178 langileetatik: behartutako 55 kaleratze, 21 aurrejubilazio eta borondatezko hainbat irteera. LAB, ELA eta CGT sindikatuek Gasteizko plantan ordezkatzen duten gehiengo sindikalak espedientea inpugnatuko zuen Auzitegi Nazionalean.

Langileek euren "ezinegona" adierazi dute, akzioen %24 SEPI (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea) erakunde publikoarenak direlako. "Ezin dugu ulertu egoera koiuntural baten aurrean neurri estruktural horiek hartu izana; enpresak ez ditu kontuan hartu hain traumatikoak ez diren beste aukera batzuk: aldi baterako erregulazioak, lanaldien murrizketak... Nahiago izan dute enplegua suntsitu, diru publikoarekin", salatu du langileen batzordeak, ohar bidez.

Gaur egun, Aciturri taldea da Alestis enpresaren %76ren jabea 2019an Airbus akzioduna irten ondoren, eta 1.300 langile baino gehiago ditu Andaluziako bost lantegietan, Gasteizkoan eta Getafeko beste batean. Horietatik, 276k borondatezko eszedentziak eta aurrejubilazioak hartu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago