Foru gobernuak aurrera atera ditu aurrekontuak, zuzenketa bat ere onartu gabe

Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 17:21
Osoko bilkurak Arabako aurrekontuei buruzko foru-araua onartu du, gehiengoz. / BBNN

EAJk eta PSEk, gehiengo absolutua baliatuz eta oposizioaren zuzenketarik onartu gabe, aurrera atera dituzte aurrekontuak Batzar Nagusietan. Arabak 527,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2021erako, "krisialditik ateratzeko" helburuarekin.

Sorpresa gutxi espero ziren ostiral honetan Batzar Nagusietan, eta, aurreikusi bezala, osoko bilkurak foru gobernuaren —EAJ eta PSE— eta oposizioaren —EH Bildu, PP eta Elkarrekin— arteko elkarrizketa falta irudikatu du. Gobernuko alderdiek aurrekontu proiektua hobetzeko proposamenik ez egitea leporatu diote oposizioari; oposizioko alderdiek, berriz, elkarrizketarako asmorik ez izatea egotzi diote gobernuari.

Oposizioak aurkeztutako zuzenketa partzial guztiei uko egin diote EAJk eta PSEk, gehiengo absolutua baliatuz; akats teknikoak zuzentzeko emendakinak baino ez dira aurrera atera.

Eta horrela, kontuak aldatzeko aukera handirik gabe eta, izan ere, inolako aldaketarik gabe, onetsi egin dira 2021erako aurrekontuak. Osoko bilkurak Lurralde Historikoko aurrekontuei buruzko foru-araua onartu du; aldeko 27 botorekin eta kontrako 23rekin. Beraz, Arabak 527,7 milioi euroko proiektu ekonomikoa izango du aurten.

Gobernuko bi alderdiek deitoratu dute oposizioaren proposamenek ez dutela "aurrekontua hobetzeko balio", eta "pandemiari arlo soziosanitarioan, ekonomikoan, kulturalean eta ingurumenean aurre egiteko" proiektua defendatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide