Aldundiak 527,7 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, Arabaren historiako handiena

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 12:45
Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Itziar Gonzalo Ogasun Saileko diputatua. / AFA

2020ko aurrekontuarekiko %1,8ko igoerarekin, Arabako foru gobernuak 527,7 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Helburu nagusiak zaintza politika zein enpleguaren suspertzea indartzea, digitalizazioa, trantsizio energetikoa eta berrikuntza izango dira.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak 2021rako aurrekontu proiektua aurkeztu dute ostegun honetan, eta, aurreratu dutenez, Arabak 527,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, Aldundiaren historiako aurrekonturik handiena. "Proiektu eraldatzailea eta inbertitzaileagoa da, eta krisialdi honetatik sendoago irteteko Arabak behar dituen aldaketei bidea ematea du helburu", azaldu du Gonzalezek.

Aldundiaren kontuetan %1,8ko igoera izango da, 2020ko aurrekontuarekin alderatuta. Gainera, 105,17 milioi euroko zenbatekoa inbertsioetarako bideratuko da: "Inoizko zifrarik handiena da lurraldean, eta inbertsioen goranzko joerari eutsi nahi diogu", adierazi du diputatu nagusiak.

Inbertsioa gizarte politiketan

Gizarte politiken arloan 241,8 milioi euroko inbertsioa egingo da, guztira. Aldundiak adinekoen arreta nabarmendu du: guztira 85 milioi euro bideratuko dira kolektibo horretara, eta Etxean Bai bezalako proiektuetara, nahi duten adinekoak ahalik eta denborarik luzeenean beren bizilekuan bizi ahal izateko helburuarekin.

Nabarmendutako beste inbertsioetako bat etxeko laguntza zerbitzura bideratutako 13,6 milioi euroak dira. Horrekin batera, 23 milioi baino gehiago bideratuko zaie mendekotasuna duten pertsonei.

Berritasunei dagokienez, aurrekontuaren arabera, 636.470 euroko inbertsioa egingo da adimen desgaitasuna duten adinekoentzako lehenengo egoitza zentroa sortzeko, eta 157.000 euro erabiliko dira autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroan plaza gehiago sortzeko.

Horrez gain, genero indarkeriaren biktimentzako berehalako arretako beste zentro bat —bigarrena—irekiko da, 1,3 milioi euroko inbertsioarekin.

Laguntzak hirugarren sektoreari

Ekonomia eta enplegua suspertzea Arabako foru gobernuaren lehentasunetako bat izango da, eta, horregatik, 23,4 milioi euro bideratuko ditu enplegua sortzeko eta krisiaren eraginik handiena jasan duten sektoreei zuzeneko laguntzak emateko programetara:

  • Turismoaren sektorean: 1,75 milioi euro.
  • Merkataritza berrindartzeko: 1,26 milioi euro.
  • Ostalaritzari laguntzeko: 500.000 euro.

Ildo berean, berariazko partidak izango dira lehen sektorean enplegua sortzeko eta Arabako nekazaritzari eta abeltzaintzari laguntzeko.

Proiektu eraldatzailea

Aurrekontuaren hirugarren ardatza proiektu eraldatzaileak bultzatzea izango da, hiru tresna nagusitan oinarrituta:

  • Trantsizio energetikoa eta klimaren aldeko ekintza: 18 milioi euro. Besteak beste, mugikortasun jasangarriaren alde —9,9 milioi euro—, energia jasangarrien alde —1,3 milioi euro—. Epigrafe horretan aipatzekoak dira hainbat proiektu zehatz:
    • Tranbia luzatzea: 1,38 milioi euro.
    • BEA abian jartzea: 4,5 milioi euro.
    • Ibilbide berdeak hobetzea: 463.000 euro.
    • Ekienea eguzki parkea: 600.000 euro.
    • Autokontsumo kooperatibak herrietan: 500.000 euro.
    • Instalazio fotovoltaikoen sustapena: 274.000 euro.
  • Digitalizazioa: 8,7 milioi euro, lurraldea zein administrazioa bera digitalizatzeko proiektuak bultzatzeko.
  • Gizarte eta ekonomia berrikuntza: 5,7 milioi euro, berrikuntzari lotutako zenbait proiektu bultzatzeko. Horien artean, aipagarrienak:
    • Araba Talent proiektua: 625.000 euro.
    • Automobilgintzako fabrikazio aurreratuko zentro berria: 200.000 euro
    • Araba Health Intelligence Center, zahartzeari buruzko ikerketarako zentro berria: 200.000 euro.

Zorra

Proiektu guztiak gauzatzeko, Arabak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako zorpetze gaitasunaren handitzea baliatuko da.

"Lurralderako erabakigarria den une honetan, Aldundia jakitun da gizarte babeserako eta ekonomia suspertzeko neurriak hartu beharra dagoela. Hori dela eta, zorrera joko dugu helburu horiek bete ahal izateko, eta Arabako gizarteari behar dituen zerbitzuak eta babesa eman ahal izateko. Herritarrek orain espero dute, inoiz baino gehiago, erakundeek erantzun eraginkorra ematea krisialdi honen aurrean", nabarmendu du Ramiro Gonzalezek.

Foru Aldundiak 40,5 milioi euroko zorpetze garbia aurreikusi du bere gastu propiorako, eta horretarako 106,8 milioi euroko zorra baliatuko du, datorren ekitaldian 66,3 milioi euro amortizatzeko aurreikuspenarekin.

Gainera, Ramiro Gonzalezek berretsi du zorraren zati bat Arabako udalekin partekatuko dela, hala erabakitzen badute. Aukera ikusten du toki erakundeentzat guztira 56 milioi euro gehiagoko zorra egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide