Araba osoa eremu gorrian sartu da asteburu honetan, 537,84ko intzidentzia tasa metatuarekin. Azken 24 orduetan, 151 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta pandemiaren bilakaerak okertzen jarraitzen du.
Astelehen honetan bertan indarrean sartu dira neurri berriak EAE osoan: udalerri guztietan konfinamendu perimetrala ezarri da, eta topaketak lau pertsona artekoak izan beharko dira.
Gasteizko intzidentzia tasa metatua 547,79koa da une honetan. Hortaz, espero zen bezala, Arabako hiriburua ere eremu gorrian sartu da. EAEko udalerri guztietan bezala, konfinamendu perimetrala ezarri da, eta, beraz, eremu gorrian izateak hiriburuan suposatuko duen aldaketa nagusia ostalaritzaren itxiera da, eskola kirola zein taldeko kirola etetearekin batera.
Arabako hamalau udalerri eremu gorrian
Bestalde, Osasun Sailak plazaratutako udalerrien ebazpenaren arabera, asteartetik aurrera, Arabako hamalau udalerritan ezarriko da ostalaritza ixteko eta eskola kirola eteteko agindua, azken bi asteetan metatutako intzidentzia tasa altua dela eta.
Arabako lurralde osoa eremu gorrian sartzearekin batera, Berantevilla, Erriberabeitia, Gasteiz eta Zuia gehitu dira joan den ostegunean eremu gorrian dauden udalerrien zerrendara; Asparrenean, ordea, ostalaritza ixteko eta eskola kirola eteteko agindua altxatu egin da:
- Agurain (5.000 biztanle baino gehiago): 653,84
- Arratzua-Ubarrundia: 676,33
- Bastida: 1.793,72
- Berantevilla: 1.402,81
- Donemiliaga: 1.515,15
- Erriberabeitia: 624,61
- Gasteiz (5.000 biztanle baino gehiago): 547,79
- Guardia: 1.564,54
- Iruña Oka: 863,51
- Lantaron: 740,74
- Lantziego: 2.124,83
- Legutio: 709,61
- Villabuena: 6.737,59
- Zuia: 677,39
Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua:
- Armiñon: 1.793,72
- Arraia-Maeztu: 819,67
- Artziniega: 523,29
- Asparrena: 1.608,91
- Kuartango: 1.344,09
- Okondo: 1.232,54
- Mañueta:
- Navaridas: 500,00
- Samaniego: 829,88
EAEko egoera orokorra ere ez da batere hobetu. Ostiralean, 13.642 test diagnostiko egin ziren; horietatik 1.140 positiboak izan ziren (%8,4); larunbatean, berriz, 10.652 test egin ziren; horietatik 880 positiboak izan ziren (%8,3); eta, azkenik, igandean, 9.483 test diagnostiko egin ziren; horietatik 826 positiboak izan ziren (%8,7).
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:
- 216 pertsona ospitaleratu dira ostiraletik igandera, Covid-19aren ondorioz.
- 560 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- Covid-19a duten 122 pertsona ZIUetan daude.
- Guztira, 682 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan, Covid-19aren ondorioz.