Araba eremu gorriaren atarian dago, eta EAE bertan sartu da gaur, 507,48ko intzidentzia tasa metatuarekin. Pandemiaren bilakaera oso kezkagarria da: azken 24 orduetan, 174 positibo berri atzeman dira Araban, eta intzidentzia tasa metatua 470,31koa da une honetan.
Hiriburuan, Gasteizen, 472,41koa da. Eremu gorritik kanpo mantentzen den arren, datozen egunetan 500era iritsiko da. Astelehenetik aurrera, EAEko udalerri guztietan ezarriko da konfinamendu perimetrala, beraz, eremu gorrian izateak hiriburuan suposatuko duen aldaketa nagusia ostalaritzaren itxiera izango da; udalerrien zerrenda astelehenean plazaratuko du Osasun Sailak.
Bitartean, une honetan Arabako hamaika udalerri daude konfinatuta, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa altua dela eta:
- Agurain: 765,93
- Arratzua-Ubarrundia: 772,95
- Asparrena: 2.042,08
- Bastida: 1.217,17
- Donemiliaga: 1.652,89
- Guardia: 1.368,97
- Iruña Oka: 807,80
- Lantaron: 846,56
- Lantziego: 2.257,64
- Legutio: 600,44
- Villabuena: 5.319,15
Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua:
- Armiñon: 1.793,72
- Arraia-Maeztu: 683,06
- Artziniega: 627,94
- Berantevilla: 1.202,40
- Kuartango: 1.075,27
- Okondo: 1.150,37
- Mañueta: 623,05
- Navaridas: 500
- Samaniego: 829,88
Datu txarrak EAEn
EAEko egoera orokorra ere erabat kezkagarria da. Ostegun honetan 13.154 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 1.139 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %8,7 izan ziren. Ospitaleen egoerari buruzko azken datuak plazaratu ditu Osasun Sailaren azken txostenak:
- Covid-19a duten 109 pertsona ZIUetan daude.
- 77 pertsona ospitaleratu ziren Covid-19aren ondorioz.
- 501 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- Guztira, 604 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan.
Neurri berriak
Ostiral honetan, neurri murriztaileak eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzak: EAEko udalerri guztien konfinamendu perimetrala eta lau pertsona arteko topaketak. Ostalaritza eta merkataritza orain arte bezala mantenduko dira.